The Sparteens taldea diskoa kaleratzear da, «Grandes Éxitos del Ayer» saga burutu eta gero
The Sparteens-ek burutu du bere saga, hamargarren singlea kaleratuta. Bi lagunek izandako ideia «txorotik» abiatuta Euskal Herrian twist doinuak zabaldu dituen taldeak diskoa argitaratuko du maiatzean.
Idoia ERASO | BAIONA
Euskal Herriko gazteak twist erritmoan mugiarazi dituzten The Sparteens taldeko kideek beren proiektua denborarekin handitzen ikusi dute. Hasi zirenetik 30 kontzertu eta 23 twist lehiaketa egin dituzte, eta hilero single bat kaleratuz, dagoeneko, prest dituzte hamar ale. Esperientzia horretatik, diskoa argitaratuko dute maiatzean. Singletako bertsioak izanen dira bertan, baina ez hori soilik, orain arteko dinamikarekin bat eginez, sorpresak ere izanen baitira. Amets Arzallusen hitzekin egin kantua batuko zaie bertsioei. «Oraingoz diskoko original bakarra izanen da, beste guztiak 80ko hamarkadako rock erradikaleko kantuak baitira, twist estiloan», azaldu zuen Iban Rusiñolek -Douglas Nightingale, fanentzat-.
«Maribelen ahots goxoak eta musikaren kutsuak letrari erliebea ematen dio eta pixka bat arraroa gelditzen da. Kontrasteak gehiago indartzen du kantuek duten biolentzia. Errepertorioa, oro har, gure gaztarokoa da, eta saiatu gara abesti guztiek biolentzia kutsua izan dezaten», aitortu zuen taldearen sortzaileak. Zentzu horretan Maribelen irribarreak garrantzi handia hartu du, eta irriño hori ez da bakarrik kontzertuan ikusten, kantua entzutean ere entzuten baita. Horrela azaldu zuen Rusiñolek «irribarrea kantuan entzun arte ez genuen grabaketa ontzat ematen».
«Hasieran Maribel eta bion arteko txorakeria bat izan zen, kantu bakar bat izan behar zena gero proiektu handi hau izatera iritsi da. Pixkanaka abenturan lagun musikariak erakartzen joan ginen», azaldu zuen Nightingalek.
Kontzertuetan jarraitu dituzten musikariak sartu dira proiektuan, baina aldi berean ikusleek ere bat egin dute ideia berri honekin: «Publikoarekin erlazio polita sortu da, hurrengo kantua eta hurrengo oparia zein izanen zen itxaroten zuten aldiro. Espekulazioaren jokoa oso dibertigarria izan da».
Sparteens noiz arte?
Zuzeneko kontzertuetan izandako jende asko, gero diskoa non erosi ez zekiela hurbiltzen zen kantariengana. Maiatzean argitaratuko den diskoarekin, arazo horri konponbidea atzemanen zaio, dena aurreikusi bezala joanez gero, banaketa tradizionala izanen baitu disko berriak.
«Barregurea ematen digun arte segituko dugu, grazia bukatzen zaionean beste zerbaitetara pasatuko gara», hitzekin erantzun zion Rusiñolek Sparteensen musikaz noiz arte gozatzen ahalko dugun galderari.
Irriak atxikitzen duen bitarteko etorkizun hori kontzertuz jantzia izanen dela argi du Douglasek, horrek ematen baitu bizia eta jana mahai gainean. «Ikusleria irribarretsu ikusten dugu eta sorpresa onak irakurtzen ditugu jendearen aurpegietan». Sorpresa hori estiloak eta taula gainean hamar pertsona ikusteak sortzen duela erran du Douglasek: «Hamar pertsona izatea inportantea da, eta ez bakarrik soinuagatik, ikusteko ere berezia delako».
Twistak gazteria mugitzea lortu du. «Euskal jendea mugiaraztea oso zaila da, baina twist lehiaketarekin berehala jokoan sartzen dira, beharbada zerbait irabazteko dagoelako».
«Guk 80ko hamarkadako rock erradikalaren trufa egiten dugula erranez, batzuek hori baliatu dute beraiek ere egiteko, baina ni ez naiz ados horrekin. Guk mundu horretaz trufa egiten dugu bertan bizi izan garelako, gure mundua izan delako», adierazi zuen Douglas Nightingalek Sparteensen estilo bereziaren arrazoiak azalduz. «Euskal Herriko arazoak bizi izan ditugu, gaztetxeetan, bestetan, guk egiten duguna `auto-trufatzea' da», erantsi zuen Douglasek.
Aldarrikapena ere egiten dute twist musikariek: «Omenaldi bezala har daiteke, baina nik sakrilegio kutsua duela erranen nuke. Orain arte trufatu ezin zen gauzez trufatzen gara, baina beti geure burua bertan kokatzen dugulako». I. E.