GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Desafioa

Mendizabalen bihotza gelditu egin da

Olasagastiren aurkako apustua amaituta, etxerako bidean bihotzekoa izan zuen adunarrak, eta ezin izan zuten bere onera ekarri.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Mendizabal atzo zendu zen Tolosan, Joxemari Olasagastiren aurkako apustua galdu eta etxera zihoala. 63 urteko adunarra ondoezik sentitu zen, eta berarekin zihoazenek ezin izan zuten ezer egin bere onera ekartzeko.

Mendizabal eta Olasagasti Tolosako zezen-plazan neurtu ziren goizean 600 ikusleren aurrean. Bakoitzak kanako launa enbor erdibitu behar izan zituen zutik jarrita. Adunarrak lau minutuko abantaila zuen.

Hasieratik ikusi zen ez zuela bere egunik onena. Zurbiltasuna nabaritzen zaitzaion aizkoran aritzean, eta lehen kanakoa mozterako, abantaila galduta zuen, baina berak lanean jarraitu zuen hirugarren enborra amaitu bitarte. Enbor hori amaitzea asko kostatu zitzaion, eta horren amaieran apustua bertan behera uztea erabaki zuen.

Bere laguntzaileekin batera, Aierberekin eta Arria II.arekin, aldageletara joan zen, eta Olasagastik bere lanak amaitu bezain pronto plazaratu zen hari bostekoa eman eta zoriontzera. Biak elkarrekin hizketan aritu ostean, komunikabideengana joan zen, eta zera esan zuen: «Tripan tope bat jarri zait, eta libratu ezinik aritu naiz, eta azkenerako arnasa ere ezin nuen ongi hartu, eta mareatu bezala egiten nintzela ikusi dut, eta apustua uztea erabaki dut». Hizketan ari zela, berriro ere zorabio moduko bat izan zuen, baina plazan geratu zen, eta bazirudien hobera egin zuela adunarrak.

Berarekin zeudenak esandakoaren arabera, dena amaitutakoan, betekadarekin jarraitzen zuen, eta kamamila bat hartu omen zuen. Bera bere kabuz dutxatu omen zen, jantzi ere bai, eta bertan zeuden sendagileek ere ez zioten aparteko arazorik antzeman, eta bazirudien urduritasunak sortutako zerbait zela. Berak, hobeto zegoela esan omen zuen eta bazkaltzera abiatu ziren, apustuak amaitutakoan egin ohi den moduan.

Autoan sartu, bera aldamenean, bere etxekoekin, eta Tolosako irteeran berriro ondoez larria sentitu zuen, eta oraingoan ezin izan zion bueltarik eman, eta hantxe geratu zen.

Dudarik gabe, nahi gabeko protagonista bihurtu zen Joxemari Olasagasti, eta igeldoarrak, nahiz eta goizean apustua irabazi zuen, kolpe latza jaso zuen, inork ez baitzuen uste gertatu zena gertatuko zenik. «Hau ikaragarria da, sekulako kolpea jaso dut. Esan didatenean ez nuen sinesten. Etorri naiz tanatoriora, baina ez nuen etorri nahi, nik ez nuen Joxemari honela ikusi nahi. Hau beti gogoan eramango dudan zerbait da», esan zuen.

Herri-kirolen munduko jende askok eman zioten berari ere babesa, baina igeldoarraren minak han jarraitzen zuen. «Denak hemen gaude, baina bera falta da. Familia ikusten duzu nola dagoen, eta hau latza da, une hau inoiz bizi nahi ez den horietakoa da, apustuan zer gertatu den, horrek ez dauka inongo garrantzirik», berretsi zuen.

Eguerdian Mendizabal agurtzean, ez zuen uste hau gertatuko zenik: «Bera ikusi dut kamamila hartzen, baina hobeki zegoela esan dit. Astean zehar afari bat eginez kontuak egin behar ditugula esan dit, eta horrela agurtu gara», esan zuen igeldoarrak. Hileta elizkizunak gaur izango dira Leitzako elizan, 19.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo