GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

PROFILIA | JOXEMARI MENDIZABAL

Harrietatik aizkorara pasatu zen gizona

p046_f02.jpg

Herri-kirolaren munduak eman duen kirolaririk handienetakoa izan da Mendizabal. Harriak jasotzen hasi zen, marka handiak eginez. Bera izan zen, gainera, 16 arroako harria plazan jaso zuen lehenengoa. Gero, harriekin istripu bat izan zuen ordea, eta aizkorara pasatu zen ondoren. Bere lehen apustua harri-jasotzen egin zuen, Gorostidiren aurka jokatuta, eta harriekin mordo bat jokatu zituen, baita tartean Iñaki Perurenaren aurka ere.

Aizkorako lehen apustua Aierberen aurka jokatu zuen, eta orduan ere enbor handiekin izan zen, eta enbor handiak beti izan ditu gogoko. «Bakoitzak berak izaten ditu gustuko gauzak, eta niri beti gustatu izan zaizkit enbor handiak, ongi moldatu izandu naiz», esan zion GARAri, pasa den asteartean eskaini zion elkarrizketan.

Bere garaian berehala heldu zen aizkolaririk onenetakoa izatera, eta lehia bikainak izan zituen Mindegiarekin eta Arria anaiekin, nahiz eta marka saiakerak ere beti izan dituen gogoko. Hala ere, gogoan beti izango dugun apustua da Miel Mindegiaren aurka 1983ko urtarrilaren 23an jokatutakoa. Egun horretan 52 kana-erdiko eta sei kanako erdibitu zituzten, orain arte inoiz egin den apusturik handiena izan zen, eta Mendizabalek irabazi zuen. Lau ordu, 12 minutu eta 9 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta lau ordu, 29 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Mindegiak.

Bere azkeneko bi apustuak, berriz, Olasagastiren aurka jokatu ditu. Azkenaurrekoa orain dela 21 urte. Atzo azkena jokatu zuen, baina bere oroitzapena betiko geratuko zaigu.

J.L.

PROFILA

Jaiolekua: Aduna. > Bizilekua: Urdiain. > Urteak: 63. > Apustuak: Harri-jasotzen eta aizkoran egin ditu. > Txapelak: Ugari irabazi ditu maila ezberdinetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo