GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea Marka saiakera

Miren Urkiolak hiru aldiz jaso du 132ko errektangularra

Idoia Etxeberriak, berriz, bi aldiz berdindu du 100 kiloko harri kubikoa.

p047_f01.jpg

Jon LEUNDA

Miren Urkiolak marka galanta jarri zuen herenegun Aiako pilotalekuan, 132 kiloko harri errektangularrari bost minutuan hiru jasoaldi emanez. Orain arteko marka Marijo Sardonek zeukan, 131 kilorekin, baina hark zilindro zaharra erabili zuen, eta Urkiolak errektangularrarekin egin du.

Ekinaldia hasi aurretik pisatzen dira harriak, eta Urkiolak erabili zuenak 133 kilo eta 200 gramo pisatu zituen. Lan bikaina egin zuen bizkaitarrak, jasoaldiak ongi landuz. Lehenengoa 20 segundora lortu zuen, bigarrena, 2 minutu eta 5 segundora, eta hirugarrena, berriz, 4 minutu eta 20 segundora.

Idoia Etxeberriak ere bazuen marka saiakera. Oriotarrak 100 kiloko harri kubikoa erabili zuen, eta neska batek plazan harri horrekin egin duen markarik handiena egin zuen. Etxeberria oso urduri plazaratu zen, eta hasieran hiru jasoaldi ustel egin zituen. Lehenengoak, gainera bizkarretik ihes egin zion. Apur bat lasaitu zenean, bi jasoaldi on eman zizkion, eta hirugarrena ere gertu izan zuen, baina bularrean zuenean denbora amaitu egin zitzaion. Berak, garbi utzi zuen, ordea, lasai hartuta, herenegun gauean egindako marka aise ondu dezakeela.

Bestetik, atzo jokatu zen Etxaurin, bertako harri traketsarekin jokatzen den lehiaketa, eta aurreikusi bezala, Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin, eta berak jantzi zuen txapela. Harriak 136 kilo eta erdi pisatzen ditu eta errezildarrak garaipena erdiesteaz gain, errekor berria ere ezarri zuen, harria hamalau aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean, berak zuen marka jasoaldi batekin onduz. Bigarren sailkatu zen Joseba Ostolatza. Zestoarrak ere lan ona egin zuen, berak 12 jasoaldi eman baitzizkion bost minututan, eta azken postuan geratu zen Bertiz, eta Sunbillakoak bederatzi jasoaldi eman zizkion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo