GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Sorhuetek eta Ozafrainek finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman dute

J.L.

Sorhuetek eta Ozafrainek finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman zuten atzo Bielle eta Harizmendi 40 eta 34 menderatuta, 96 minutuz pilota astintzen aritu ostean. Biellek eta Harizmendik, berriz, zuzenean finala jokatzeko inongo aukerarik ez dute, eta finalerdietan sartzeko, berriz, geratzen zaien partida irabazi eta itxaron egin beharko dute; izan ere, bi partida irabazi eta bat galdu dute.

Garindainen jokatutako norgehiagoka oso gustagarria izan zen, baina bi gako garrantzitsu izan zituen. Alde batetik, Biellek eta Harizmendik galdutako pilotak izan ziren -izan ere, 15 galdu zituzten eta bederatzi besterik ez irabazleek-; eta saketik, berriz, Sorhuetek zazpi kintze sartu zituen hasierako jokaldiari esker, eta bi gutxiago Biellek, hortxe joan zitzaien partida galtzaileei.

Gainerakoan neurketa gustagarria izan zen. Hori bai, pilotak agian motel samarrak Garindaineko trinketerako, baina lau pilotariak oso maila onean aritu ziren.

Sorhuet eta Ozafrain hastapenetik aitzineratu ziren, 7-1 aurreratuz, eta amaierara bitarte horri eusteko moduan izan ziren, nahiz eta aurretik aipatutako jokaldiek garrantzi handia izan zuten. Markagailua honela joan zen: 7-1, 11-4, 18-5, 25-20, 35-24 eta 40-34.

Jadanik hiru jardunaldi jokatu dira, eta oraingoz Waltari eta Etxeberri doaz lehen postuan, jokatutako hiru partidetatik hirurak irabazita, eta zuzenean finalera sailkatzeko oso gertu daude. Badirudi besteek finalerdien bila ibili beharko dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo