GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Zilar astea 2010: Joseba Sarrionandia

Sarrionandiaren sorterriko oroitzapenez «akordatzen»

Durangoko Plateruenak ekimen berezi batekin eman zion amaiera Joseba Sarrionandiari eskainitako lehenengo Zilar Asteari. Ehundik gora lagunek ibilaldi bat egin zuten «Sarri»ren memoriaren mapan. 2004an argitaratutako «Akordatzen» liburuko pasarteak oinarritzat hartuta, Iurretan barrena egin zuten txangoa 1980az geroztik bertan ez dagoen idazlearen oroitzapenei irudia jartzeko. Mitotik etxeko izatera pasa zen askorentzat, «beste Joseba bat».

p004_f01_214x148.jpg

Ane ARRUTI | IURRETA

«Ez da Danubio deitzen, ez da Mississipia» Durango eta Iurreta banatzen dituen ibaia, baina aldea egon badago ibaiertz batetik bestera. Joseba Sarrionandia Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an eta han hazi zen, «Igorretako plazan ahari topekak» ikusiz, «domeka arratsaldetan Etxeberrira joaten» telebista ikustera, «Montequemadon» lehenengo zigarroak errez... Garaizarrekoa zuen ama eta, bertatik bertara, Goiuria aldekoa aita, errekaz beste aldekoak biak ere.

2004an ezagutarazi zituen txikitako eta gaztetako oroitzapen haiek «Akordatzen» (Txalaparta) saiakera liburuan. Atzokoa, paperean idatzitakoari irudia, leku konkretuak, errealitatea lotzeko eguna izan zen. Akordatzeko, batzuentzat; ezagutzeko, beste askorentzat. Mito, jainko edo sinbolotzat daukagun Sarri, bertako, auzokide edo, zergatik ez, etxeko sentitzeko parada izan zen. «Beste Joseba bat» ezagutzeko aukera ezin hobea.

Lehenengo aldiz antolatu du Durangoko Plateruenak Zilar Astea deituriko aste monografikoa. Joseba Sarrionandia izan da aurtengo protagonista, eta «Ibilaldi bat memoriaren mapan» ekitaldi bereziarekin eman zioten amaiera atzo. Plateruenako presidente Alberto Erraztik gidatuta eta udaberriko giro paregabea lagun, ehundik gora pertsona -orduak aurrera joan ahala mardulduz joan zen «mendizale» koadrila- bildu ziren goizeko hamarretan Durangoko kafe antzokiaren kanpoaldean. Handik abiatu zen martxa Iurreta aldera.

Ibaia zeharkatu, autobide azpitik pasa eta, lehenengo geldialdia, Iurretako Aita San Miguel plazan. Orain urte gutxira arte ahari-topekak jokatzen ziren bertan, gaur egun debekatuak. Sarriren bertako gogoetak irakurri zituen urte askotan antolatzaile lanetan ibilitako Mari Tere iurretarrak. «Igorretako plazan ahari topekak izaten zirela akordatzen naiz, eta jendea inguruan biltzen zen ikusteko. Aharitoak ederrak ziren eta bata bestearen kontrako kolpeak itzelak».

Garaizar aldean, jaiotetxea

Plazatik gorantz abiatuta, metro gutxitara dago Josebaren jaiotetxea. Bertan egin zuten ibilaldiko bigarren geldialdia eta «Akordatzen» lanak aipatzen duen inguru hartako beste pasarte bat irakurri zuten bertan. «Etxean ez zegoen telebistarik. Domeka arratsaldeetan Etxeberrira joaten ginela akordatzen naiz telebista ikusteko. Garaizarrera bideko Etxeberri barreneko putzuko igelen kantuaz akordatzen naiz. Goiko aldapa Barranku deitzen zela akordatzen naiz. Igorretako baserri bat Toledo deitzen zela eta Goiuriko azkena Luku».

Igelen kantuak aipatzeak memoriaren makinaren herdoilak astindu zizkien inguruko helduenei eta bidean aurrera joan ahala, «akordatzen» jarraitu zuten, bakoitzak bere umetako istorioak gogoratuz. Sarrik idatzitakoak ume garaikoak direla azaldu zuen Erraztik, izan ere, autobideak inguru hartan utzi duen ondorioetako bat Etxeberri baserriaren desagertzea izan da. Bestalde, Toledo baserriaren izena «dolare» hitzetik ote datorren airean gelditu zen.

Belardi zabal baterantz abiatu zen lagun taldea ondoren, Bereziganera. Aurrean, Anboto mendilerroa eta Durangoko herria parez pare. «Bereziganeri Durangon `Montequemado' deitzen zitzaiola akordatzen naiz -irakurri zuen pasartea Erraztik-. Eta hantxe gainean jartzen zutela Espainiako bandera liberazioaren egunean. Iluntze aurreko oskorria Bilboko labe handiengatik zela pentsatzen genuela akordatzen naiz. Mendi haren bestaldekoa nintzen eta han bestaldean, Garaizarren, ez naiz akordatzen gerraren aipamenik entzun nuenik egundo. Zigarroak erretzeko, celtas filtrogabeak, komunean ezkutatzen ginela akordatzen naiz. Edo Bereziganeraino joaten ginela, Harriputzuetatik gora, Berezigane barrenean sugegorriak ugari omen zeuden arren, eta handik gainetik libre eta eder ikusten zela ibar guztia». «Montequemado» deitzen omen zioten, bai, mendiari. Antzinako trena, Zumarragara zihoana, ondotik pasatzen baitzen eta ikatzaren txinpartek mendi bazterrak sarri kiskaltzen zituzten. Hala ere, Garaizar aldean, gerra aipamenik ez.

Garaizarren bertan egin zuten laugarren irakurraldia, San Mames ermitaren atarian, leihotik begira santuaren bakardadeaz nola aritzen ziren gogoratuz. «Garaizarkoa naizela akordatzen naiz. Baina nor ez da, ba, Garaizarkoa? Urrun eta antzina, itsumutila izan nintzela akordatzen naiz. Itsuneskak eta itsumutilak ginela auzoko neskamutilak. Patxi, Osteko itsua, aittitteren anaia, aulkian eserita egoten zena, solo ertzeraino eramaten genuen, artoa zenbat hazi zen jakin nahi izaten zuelako. Ermita zaharrean San Mames zegoela akordatzen naiz. Baina urtean behin besterik ez zen ermitaren ate zaharra zabaltzen, San Mames egunean. Guk horma igo eta leiho estutik begiratzen genuen eta sentimendua ematen zigun, ermita barru ilun eta umelean, egurrezko sainduaren bakardadeak».

Militantziako oroitzapenak

Helduxeagoa zeneko istorioak ere biltzen ditu «Akordatzen» liburuak. Horren adibide dira autobidearen azpietan egindako pintadei buruzko hurrengo lerroak. «Halako arrats batean, Goiurirako bideko autopistapeko zubian Jesusmari Eizmendik eta biok egin genuen pintadaz akordatzen naiz. Gorria ala beltza idatziko genuen zalantzan, Guardia Zibila agertu orduko Gora Euskadi Gorribeltza idatzi genuela».

Pelegrinazioan gorantz eta gorantz jarraitu zuen ibilaldiak, Goiuriraino iritsi arte. Musikaz lagunduta heldu ziren azkenak eta bertan Sarriri, Josebari, Joseri, Martin Larralderi... Iurretako semeari omenaldi xume bat egin ziotenn. Plateruenatik abiatu zirenez gain, jende gehiago ere hurbildu zen bertara, tartean, omenduaren gurasoak.

Zarrabeitia ahizpek Ruper Ordorikak musikatutako «Ibaia» jo zuten biolin pareaz. Peru Madalena idazleak, berriz, bildutakoen izenean, eskutitz bat igorri zion: «Zu ere hori zara gugan, bakoitzak sentitzen zaituen moduan zara», esan zion eta filosofia bitxi, kutsakor baina eder batekin amaitu zuen, «beti dena da hobeto»: «Hemen ez zaudela? Hobeto, paraje ederragoetan egongo zara ziur. Hemen ez zaudela? Hobeto, ez dituzu hemengo agintari eta poliziak aguantatu beharko...». Ekitaldia bukatzeko, Gotzon Barandiaranek eta Igor Elortzak «Baltsean» abestu zuten bildutako guztiekin batera.

Eguneko argazkia aterata, amaiera Plateruenan berriro, kantuan hor ere. Josu Zabala eta Alex Ruiz de Azuak Ruperren «Ibaia», Laboaren «Sorterriko koblak» eta Karlos Gimenezen «Oroimeneko portua» eskaini zituzten. Egun borobila eta Joseba Sarrionandia «hobeto» ezagutu izanaren irudipenarekin, guztiak pozik etxera.

OMENALDIA

Goiurian omenaldi xume bat egin zioten. Zarrabeitia ahizpek biolinarekin Ruper Ordorikak musikatutako «Ibaia» jo zuten eta Peru Madalena idazleak, bertan bildutakoen izenean, tartean Sarrionandiaren beraren gurasoak, eskutitz bat igorri zion.

Alberto Errazti: «Listoia oso goian jarri dugu datorren urteko Zilar asterako»

Oso pozik eta izandako arrakastarekin nolabait harrituta zegoela aitortu zuen Alberto Errazti, Plateruenako presidenteak. Lehenengo aldiz antolatu dute Zilar Astea Durangon, aurrerantzean urtero egiteko asmoa duten aste monografikoa. Joseba Sarrionandia izan da aurten aukeratutako gaia edo pertsonaia. Motiborik ez zen falta. Aurten beteko dira 30 urte espetxeratu zutenetik, eta 25 urte, ihes eginda, Euskal Herritik kanpo bizi denetik. Haren idazle senak oraindik ere bizi-bizirik dirau, ordea, eta aurkezpen ekitaldian Igor Elortzak azaldu zuen moduan, «Gurean kantura eta antzerkira gehien eraman den sortzaileen artean da Sarri».

Astean zehar hainbat ekitaldi burutu dira. Pasa den asteazken eta ostegunean, «Koblakariak behar ditugu» ikuskizunaren estreinaldiarekin eman zioten hasiera Asteari. Diziplina anitzeko ikuskizuna da, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eñaut Elorrieta eta Karrika antzerki taldeak osatua.

Durangaldeko ikastetxeetako 300 gaztetxo inguru bildu ziren Plateruenan, eta «harrigarria izan zen nola egon ziren ikasle guztiak, isil-isilik», gogoratu zuen Erraztik.

Ostiralean, berriz, Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiak «Aulki Hutsa» lana eskaini zuen. Sarrionandiaren testua ardatz duen antzezlanak Ander Lipus markinar antzerkigilea du zuzendari eta antzezle lanetan, Manex Fuchs ikusi ahal izan zen taula gainean, eta musikari, berriz, Battitt Elissalde, Jean Christian Xanki Irigoyenek sortutako doinuak joz. Hitz hauekin aurkezten du Le Petit Theatre taldeak berak sortutako obra: «Erbestetik itzuli ezina den gizon batek, tragoa eskaintzen digu. Eta beste bat, bakartasuna traitzeko estakuruarekin. Eta azkena bideko. Musikari batek dantzari bihurtzen du edalearen egonezina, bere iritzi eta asmoek kantu debekatuen hitzak diruditela. Desterruan ondu den arnoa edateko gomita bat».

Larunbatean, Xabier Mendiguren Elizegi iurretarraren ipuingintzaz aritu zen Udal Liburutegian emandako Literatura Eskolan.

Atzo egindako txangoarekin itxi zen lehenengo Zilar Astea. «Listoia oso goian jarri dugu datorren urterako baina jendearen erantzunak indarra ematen digu lanean jarraitzeko», esan zuen Erraztik. A. A.

OROITZAPENAK

Ehun lagun inguruk burutu zuten Sarrionandiaren memoriaren mapan oinarritutako ibilaldia. Txangoan zehar, «Akordatzen» liburuan agertzen diren pasarteak ekarri zituzten gogora. Ume garaikoak batetik, baita gaztarokoak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo