GARA > Idatzia > Mundua

Artikoko natura ondasunak izan dituzte hizpide Kanadako biltzarrean

Artikoko natura ondasun ugariaren balizko ustiapenak eragiten dituen eztabaida eta tirabiren inguruan mintzatzeko, eskualdeko hainbat herrialdetako -Kanada, AEB, Danimarka, Norvegia eta Errusia- ordezkariak Ottawan (Kanada) bilduta daude atzotik gaur arte.

GARA |

Munduko agintari garrantzitsuenen jardun diplomatikoak, atzo eta gaur bitartean, Kanada du bilgune, izan ere, herrialde horrek hartu ditu egunotan egiten ari diren bi gailurrak: Artikoko herrialdeena eta munduko herrialde industrializatuenena, G8koena.

Artikoko kostaldean lurraldeak eta interesak dituzten bost herrialdeetako -Kanada, Danimarka, AEB, Norvegia eta Errusia- ordezkariak elkarren arteko lankidetza indartzeko xedez bildu ziren. Izan ere, Artikoak duen natura aberastasunaren balizko ustiapenak tentsio eta norgehiagoka handiak eragin baititu.

Ottawak gertu bilduta, itsas trafikoak eta petrolio bilaketak izotzezko gainazal zabaletan eragin litzaketen kalteak izan zituzten hizpide atzo goizeko saioan.

«Garrantzitsua da etorkizuneko planak orain diseinatzea», esan zuen batzarra baino egun batzuk lehenago Kanadako Kanpo Arazoetako ministro Lawrence Cannonek. «Ozeano Artikoko kostaldeko herrialdeek aukera paregabea dute eskualde hau kudeatze aldera egutegi bat ezartzeko», gaineratu zuen.

Eztabaida eta tentsioa

Bost herrialdeok legez beste bati dagozkion lursailen jabetza aldarrikatzen dute, kalkuluen arabera, 90 milioi petrolio upel izan ditzakeen eskualdean.

Michael Byers irakasle eta zientzialariaren aburuz, lurraren berotzea da gai guztien gainetik jorratu beharko litzatekeena.

«Karbono dioxido gehien sortzen duten hiru herrialdeak, AEBak, Kanada eta Errusia, mahai baten inguruan jesarri dira, klima aldaketaren epizentro den eremuaren inguruan mintzatzeko», nabarmendu zuen Artiko kanadarra aztertzen ari den eta Vancouverreko Unibertsitatean eskolak ematen dituen zientzialari ezagunak.

«Ez badute berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteaz hitz egiten, egun Artikoak duen arazo nagusienari ezikusia egingo diote», gaineratu zuen.

Biltzarra egin zen lekutik hurbil, Greenpeace eta beste talde ekologista batzuetako hamarka kide bildu ziren, «Artikoaren etorkizuna ez dutela ateak itxita erabakiko» aldarrikatzeko.

Artikoko biltzarraren ondoren, Kanada, AEB, eta Errusiako diplomaziako buruak, G8ko gainerako herrialdeetako ordezkariekin -AEB, Alemania, Japonia, Italia eta Estatu frantsesa- eta Europar Batasuneko diplomaziaburu Catherine Ashtonekin bildu ziren atzo gauean, segurtasunaren inguruko gaiak jorratzeko.

G8koak ETA IRAN

Iranen programa nuklearra dela-eta, Teheranen aurkako zigorren aferari buruz mintzatuko dira, nagusiki, Ottawatik hurbil bildutako G8ko herrialdeetako Kanpo Arazoetako ministroak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo