GARA > Idatzia > Kirolak

EDURNE PASABAN ANNAPURNAN

Ferran Latorrek eskuin belaunean min hartu du eta agur esan dio espedizioari

GARA | DONOSTIA

Zortzimilakoen aurkako borrokan sarri gertatzen den moduan, poza eta samina ia batera iritsi zaizkio Edurne Pasaban eta bere taldeari. Mendizale tolosarra oso pozik azaldu zen Annapurnako bigarren eta hirugarren kanpamentuen arteko bidea irekitzeko lanak behar bezala bete dituztelako, baina, bestalde, espediziokideen atsekabea handia izan da, jaitsierako bidean, Ferran Latorrek eskuin belaunean min hartu eta abenturari agur esan behar izan diolako.

Ferran Latorre aspalditik ibili da Edurne Pasabanen alboan eta, kameralari gisa egindako lanaz gain, Edurneren konfiantzako pertsona izan da, gertu-gertukoa. «Oso gogorra izan da berarentzat nahiz guretzat. Azken urteotan batera ibili gara proiektu guztietan eta azken txanpan pertsona garrantzitsuenetako bat faltako zaigu: kameralari bikaina eta ezin hobeto ezagutzen nauen pertsona, nire lagunik minenetako bat», adierazi zuen Pasabanek.

Aurrez, esan bezala, hiru egun eta hiru gau eman zituen taldeak hirugarren kanpamenturako bidea hornitzen. Igotzeko sei ordu inguru behar izan zituzten eta, beroak glaziarrean pitzadura handiak ireki dituen arren, bidearen zatirik arriskutsuenean, elur-jausi arrisku handia izan ohi duen 500 metroko pasagunean, ez zuten aparteko zailtasunik aurkitu.

Hurrengo urratsa, hirugarren kanpamentutik gora abiatuta dagoen izotzezko horma, arazo dezente sortu ohi duena, zein egoeratan dagoen ikustea izango da. Hori izango da aste honetako lan nagusienetakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo