«Poto», bertsolaritza zirikatzen eta omentzen duen liburua
Idoia ERASO | BAIONA
Heldu den astelehenean ospatuko da Sarako Idazleen Biltzarra eta, horren karietara, Maiatz argitaletxeak bere azken lanak aurkeztu zituen. Berrikuntza nagusia Pantzo Hirigaraik idatzi duen umorez beteriko «Poto» eleberria dugu. «Bertsolaritzaren munduan egin inkesta umoretsu bat da, erokeria bat», adierazi zuen idazleak obraren funtsa azaltzeko. Maiatz argitaletxeko arduradun Luzien Etxezarretak ere antzeko hitzekin definitu zuen eleberria: «Bertsolaritzaren munduari zirikada egiten dio».
Lehen eleberria du Pantzo Hirigarai baigorriarrak, baina literaturaren munduan ezaguna da jada, aurretik idatzi dituen hemezortzi antzerki lanei esker. «Liburu honetan antzerkian erabili ditudan osagai berak erabili ditut: umorea eta jakin-mina. Hortik abiatuta inkesta bat sortu dut». Etxezarretak ere idazlearen estiloa aipatu zuen: «Umorea erruz erabili du, euskal literaturan ez dira irriari tokia uzten dioten liburu asko eta hau atsegin handiz irakurtzen da».
«Mundu horretaz trufatzen naiz. Bertsolariek beraien artean egiten duten bezala ziria sartzen diot eta aldi berean hainbeste maite dudan mundu horri omenaldia egiten diot», aitortu zuen lanaren egileak.
Aimar Topo ikerlariaren inkesta edo ikerketa horrek Bertsolari Txapelketaren finalera darama irakurlea, bertsolarien munduan murgilduz. «BECeko finaletik abiatzen da. Denek uste duzue saio ederra izan zela eta Maialen Lujanbiok irabazi zuela, baina denak lilurapen kolektibo batean zineten eta nik kontatuko dizuet zer gertatu zen», kontatu ditu umorez Hirigaraik eleberriaren nondik norakoak.
Ikerketak segitzen duen ibilbidearen inguruko beste xehetasun batzuk ere eman ditu idazleak: «Andoni Egañak, ez du usaiako maila erakusten eta publikoa konturatuko da ez dela benetako Egaña. Misterio hori argitzeko, Bertsolarien Elkarteak Aimar Topori ikerketa egiteko eskatuko dio». Bide horretan, bertsolaritzako beste izar batzuk ere falta direla deskubrituko du ikerlariak, baita sekretu eskandalagarri bat ere bai.
Aimar Topok abentura berrientzako bidea irekia du; izan ere, idazleak plazer handia hartu du bere lehen eleberria idazten. «Ez dakit kuraia izanen dudan lortzeko, baina aldi berean gogoa dut, beharbada Topo ikerlaria euskal munduko beste eremu batean sartuz, pilotaren munduan... ikusiko dut».
Maiatz-en beste lanak
Maiatz argitaletxea ez da lan bakar horrekin aurkeztuko Sarako Biltzar eta azokan. Izan ere, argitaratu berria baitu Eñaut Etxemendiren idatzien bildumaren 3. alea. Bigarrena beste hainbat obrarekin duela zenbait hilabete aurkeztua izan zen.
Maiatz elkartearen aldizkariaren 48. eta 49. aleak ere aurkeztuko dira argitaletxearen 30 urteak ospatuko dituen 50. alearen esperoan. Urteurrena ospatzeko ale berezia eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte.