GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arratzuko hariztiaren ekosistema eredutzat hartu du EHUko ikerketa batek

EHUko Baso Ekologia eta Baliabide Naturalak Saileko ikerketa taldeak hogei urte daramatza Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako basoak ikertzen. Egoerak hobera egin duen arren, egiteko asko dagoela adierazi dute.

GARA | BILBO

Euskal Herriko Unibertsitateko Baso Ekologia eta Baliabide Naturalak Saileko ikerketa taldeak hogei urte daramatza Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako basoak aztertzen. Atzo, hain zuzen, azken ikerketaz mintzatu ziren Leioako campusean eta, bertan adierazi zutenez, hiru lurraldeetako basoetako ekosistemen egoerak aztertu berri dituzte.

Miren Onaindia biologo eta ikerketaren buruak jakitera eman zuenez, azken hogei urteotako basoen egoerak, «pixkanaka bada ere», hobera egin du, baina baldintzak oraindik ez direla onak nabarmendu zuen.

Berreskuratzeko lanetan, arreta berezia jarri zuten bertako espezieak dituzten basoen egoeran; adituek jakitera eman zutenez, horien lekuan pinu basoak zabaldu baitira bertako espezieentzat lekua murriztuz.

Bertako zuhaitzei dagokienez, hariztien garrantzia aipatu zuen Onaindiak, horiek dauden tokietan, biodibertsitate indizeak «bereziki altuak» direla argudiatuz. Biologoak gainera, Arratzuko hariztia jarri zuen adibide gisa: «Guk eredu moduan ikusten dugu, mota asko baitaude bertan, heldutasun handia erakusten dutelako espezieek, eta batez ere harizti honetan ekosistemaren funtzioak oso ondo betetzen direlako».

Gipuzkoan eta Bizkaian harizti ugari egon beharko liratekeen arren, Arratzukoa hiru lurraldeetako bakarretakoa da: «Berezko basoak dira, baina gaur egun soilik multzo bakanetan aurkitzen dira», esan zuen, berezko basoak zabaltzen ari direla baina, «oraindik proportzioa oso txikia» dela gaineratuta.

Pinuen gaitasuna

Ikerketa taldeko kideek, egindako lanaren ostean, pinuek gaitasun berezi bat dutela ohartu direla azaldu zuten: «Egoera txarrean dauden berezko basoak -hariztiak adibidez- berreskuratzeko gaitasuna dute zuhaitz hauek», baina pinuen gaitasun hau eraginkorra izan dadin -gaineratu zuten- garrantzitsua da «egoera ondo kudeatzea».

«Pinuek lagundu egiten dute egoera egonkortzen. Ekosistema berreskuratzeko balio dezakete, beti ere momentu egokian kentzen badira, horien gerizpean hariztiak hazi egin daitezkeelako», argudiatu zuen Ibone Amezagak, ikerketa taldeko kideetako batek.

Basoetako ekosistemak aztertzeko garaian, baso bakoitzean biodibertsitatearen adierazle diren landareak eta barne-egiturak izan dituzte kontuan. «Espezie batzuek baso bat egoera onean dagoela adierazten dute, eta beste batzuek, berriz, basoa hondatuta dagoela», azaldu zuen ikerketako buruak.

«Basoak ondo badaude, mendiak babestuta dauzkagu -gaineratu zuen-. Ondorioz lurzorua ondo mantentzen da, eta horrek babestu egiten gaitu higiduratik uholdeak baldin badaude».

Amaitzeko ekosistemak gizakion bizi kalitatea mantentzeko «ezinbestekoak» direla adierazi zuen eta, horrenbestez, ideia hori gizarteari helaraztea ezinbestekoa dela, denon artean zain ditzagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo