GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Hobe distantziarik gabe bizitzea

Distantziak neurtzea ez da lan erraza, batez ere batek urrun ikusten duen zera besteak mutur aurrean izaten duelako. Neurketak (distantzian, espazioan edo hauteskundeetan) fidagarriak dira batzuentzat, eta gezurraren hurrengoa besteentzat, erdian egon litezkeen interesen arabera. Fidagarritasuna bera, zientzia zehatzei gehiegi gerturatzen ez zaiona, aldakorra da, altua edo baxua, eta askotan existitzen ez dena.

Distantzia, neurketa eta fidagarritasuna ez dira munduko arazoen konponbide izango. Orain arte dohain hori izan ez badute, zalantza handiak ditut aurrerantzean buruhausteen mirakulu bilakatuko direla baieztatzeko orduan; beraz, izaera berbera mantentzen jarraituko dute. Mirakuluena ere beste afera bat da, eta distantziak eta neurketak beharrezko baditu, are gehiago haiengan fidatzea, nahiz eta oso fidagarriak ez izan. Baina fede kontuetan aritzeak -nahiz eta sinestun ez garenontzat gogoeta arrotza izan- arima eta gorputza «berpizten» lagun dezake, tartean jainkoaren eta elizaren eraginik egon gabe.

«Querer es poder», esaten dute batzuek, eta zerbaitetan temati aritzea bezalakorik ez dago helburuak amaierara arte eraman ahal izateko. Nahia eta boterea. Euskaldunok boterean labur gabiltzan arren, guk ere badugu gurea: «Ezina ekinez egina». Ez al da ba fede kontua erdietsi nahi den zerbaitetan sinistu eta haren aldeko apustua egitea?

Igandeko hitzordurako apenas lau egun geratzen direnean, berriro distantzia, neurketa eta fidagarritasuna datozkit burura (oraingoz uste dut ez gaudela mirakulu beharrean herri honetan). Argi dago, euskaldunen artean nahikoa distantzia badagoela, batzuek besteek baino gertuago ikusten dituztelako oraindik lortzeke dauden helburuak, eta besteek beraiek markatu dituztelako distantziak helburua, teorian, berbera bada ere. Ez dut uste igandekoa ere neurketa kontua izango denik, jende andana biltzea izango baita ahalegin nagusia. Baina fidagarria izango da ziur, milaka euskaltzale ibiliko baitira Irungo kaleetan muga politikoari ere beste neurri bat emanda. Aberri Eguna, beraz, hobe distantziarik gabe bizitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo