GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iker Beristain Urizarbarrena Castellóko espetxetik

Beti aitzina, Antxon!

Euskal herriko zeru gainean izar berri bat piztu zeneko zazpigarren urteurrena betetzen den honetan, lerrotxo batzuk idatzi nahi dizkizut urteroko ohiturari jarraiki, bizirik irauten baituzu gure artean, maite zaitugulako, maite zaitudalako, horrek hilezkor bilakatu zaituelarik gure artean... biba zu!

Etsaiak bere horretan darrai, Euskal herriaren aurkako suntsitze estrategiarekin guztiz tematuta; beste eskaintzarik ez baitu, errepresio basatia besterik ez, nahiz eta hau ez den berria, beti errezeta bera aplikatu baitu gure askatasun egarria ahitu nahian, eta lehen lortu ez zuen bezala, orain ere ez du lortuko. Txetxenia menderatuta omen, tamil herria suntsituta, eta jarraian euskaldunak izango garela diote Moncloako «sirena kantuek». Horretarako hartu dute «asaltoan» Ajuria Enea jeltzaleen malkoen artean... ezker abertzaleak egindako proposamenari muzin eginez eta terroristatzat joaz. Errendituko garen itxaropenez! Eta Txetxenia berpiztuko da, tamil herria bezala, eta belaunaldi berriek guk duela 30 urte egiten genuen bezalaxe kantatuko dute: «ez dugu etsiko, ez dugu ez amore emango!».

Estrategia horren baitan, eta udan zehar presoon argazkien aurkako ofentsiba martxan jarri ondoren, iazko azaroa hastearekin batera, gure senideen aurkako miaketa ilegal eta umiliagarriei ekin zieten espainiar Estatuko espetxeetan, gurekiko elkartasuna eta maitasuna bertan behera utzi nahian. Baina jakin badakite helburu hori ez dutela lortuko, mila aurrez aurreko bisita galdu arren, herriak maite gaituela sobera argi baitugu, eta ez guk bakarrik, baita etsaiak ere.

Urduritasuna nabaria da unionistengan, eta horrexegatik berpiztu dute gerra zikina Jon Anza burkidea erailez. Aldi berean, honek guztiak bide onetik goazela erakusten digu, nahiz eta oraindik ere gogotik egin beharko dugun lan eta borroka. Euskal herria hiltzen uzteko prest ez gaudela erakutsi dugu behin eta berriro, eta horretan jarraituko dugu buru-belarri, bakoitza bere esparrutik, denok elkarrekin, hainbeste maite eta behar dugun askatasuna lortu arte... Aurrera bolie!

Espetxe fronte honetan, berriz, jo ta ke darraigu borrokan, urtarrilean zehar borrokaldi orokorra burutu genuelarik sakabanatuta gauzkaten presondegi guztietan, eta kolektiboaren borrokaldi ibiltariari lekukoa pasa diona. Borrokak merezi duelako, jo eta ke irabazi arte! Osasuna, maitasuna eta askatasuna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo