GARA > Idatzia > Kultura

Auñamendi Eusko Entziklopedia sarean erabilgarri dago jada

Eusko Ikaskuntzak sarean eskuragarri jarri du Auñamendi Eusko Entziklopedia «www.euskoentziklopedia.org» atarian. Plataforma teknologiko berritzailea darabil webguneak, eta horri esker bilaketak 0,2 segundoan egin daitezke, aurkezpenean azaldu zutenez. Etengabeko hobetze eta osatze prozesuan, egun 150 mila artikulu eta 60 mila irudi dauzka Eusko Entziklopediak sarean, eta horietatik mila eta hirurehundik gora euskarazkoak dira.

p040_f01_148x118.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Doan eta nahi duten guztientzat zabalik, Auñamendi Eusko Entziklopedia sarean dago jada. Atzo aurkeztu zuen elkarteko lehendakari Jose Maria Muñoak berritasuna, Eusko Ikaskuntzak Gasteizen duen egoitzan, Gasteizko Gobernuan Kultura sailburuorde Antonio Rivera eta Vital, BBK eta Kutxa-ko kideak ondoan zituela, egitasmoa diruz babestu duten erakundeen ordezkari.

Pozik azaldu zen Muñoa, «inoiz bukatuko ez dugun egitasmoaren» pauso berri bat aurkeztean. Izan ere, entziklopedia bat garatzeak ez du amaierarik, etengabe berritu eta osatu beharreko lana baita, «gizartea aldatuz doan heinean». Eta pozik Antonio Rivera bera ere. Kultura sailburuordearen esanetan, «atzean eraikuntza erraldoirik agertu edo zintarik moztu ez dugun arren, funtsezko kultura azpiegitura aurkeztu dugu gaur». Eta entziklopediak berez duen garrantzia goraipatu ostean, «gaur euskaldunok dakiguna Auñamendi Eusko Entziklopedian agertzea» opa zuten biek ala biek.

«Asko egin dugu eta asko dugu egiteko», hasi zuen aurkezpena Muñoak, eta «herria maite duenak ezagutu beharra du, eta horretarako etengabeko lanerako prest izan», esanez bukatu zuen.

Teknologia berritzailea

Bernardo Estornes Lasak 1933an ekin zion «Enciclopedia Auñamendi» egitasmoari -1969an hasi zen argitaratzen eta 2008an eman zuen azken tomoa-. Eta Eusko Ikaskuntzak entziklopedia hobetu eta garatzen jarraitzeko asmoa du, edukiak eguneratu, berritu, euskaratu eta osatuta.

2001ean sarean jarri zuen Eusko Ikaskuntzak Auñamendi entziklopedia hori, eta 2007an ekin zion atzo aurkeztu egitasmoa garatzeari, EAEko aurrezki kutxei eta atzo zein gaurko Lakuako Gobernuaren dirulaguntzei esker.

Euskomedia-ren informazio sistemaren baitan dagoen Eusko Entziklopediak milioi erdi dokumentu jarri ditu erabiltzaileen eskura: batetik, Auñamendi entziklopediaren jatorrizko 150.000 artikuluak (erdiak eguneratuak eta 1.300 euskaratuak), baita 60.000 irudi baino gehiago ere; eta bestetik, Eusko Ikaskuntzaren Agiri Fondoa osatzen duten beste 350.000 dokumentu inguru (artikulu, albiste, elkarrizketa, soinu eta bideo artxibo eta beste).

Entziklopediak etengabeko eguneratze eta egokitze lana eskatzen du, eta kolaboratzaileen ekimenaz hornitzen da, komunitate zientifikoari eta zenbait erakunderi irekia baita -etorkizunean aukera gizarte osoari eman nahi lioke-. Euskal Herritik mundura sortua, zorrotza izan nahi du edukien kalitateari dagokionez, eta plurala, Euskal Herriko sentsibilitate eta ikuspuntu guztiak agertzeko. Eta eleaniztuna. Lehentasun edo kontsulten arabera, edukiak euskaratuz joango dira, eta etorkizunean gaztelaniaz gain, beste hainbat hizkuntzatan ere eman nahiko lukete -frantsesez, esaterako, Ipar Euskal Herriari begira-.

Alde teknologikotik ere berritu egin dute. Atzoko aurkezpenean Euskomediako zuzendari Arantza Cuestak zuzenean egin zituen probak, eta webgunearen erabilgarritasunaren berri eman. Atariak Google etxearen bilatzaile bera darabil, eta 0,2 segundoan erantzuteko gai da, Entziklopedian zein bertatik kanpoko loturak emanda, bertan antolatu hamabi atalen bidez edo bilaketa zehatzagoak eginez, nahi izanez gero. Aurreikuspenei dagokienez, hurrengo lau urteetan sei mila sarrera berri gehitu eta 7.500 euskaratzea dute helburu, urtean bost milioi bisita izatearekin batera -2010erako, hilean 180.000 bisitari izatea aurreikusten dute-.

HELBURU NAGUSIA

Sarean jarri berri duten entziklopediaren helburu nagusia, 2010-2014 bitartekoa, Bigarren Hezkuntzako informazio premiei erantzutea da, baita ikertzaileei baliagarri izatea ere.

Google bilatzailea eta «L´Enciclopédia Catalana»

Proiektuaren antolakuntza lanetan Iñaki Martinez de Luna izan da. Soziologian doktore eta EHUko irakasle, bera izan zen atzo ekimenaren zehaztasunen berri emateaz arduratu zen Eusko Ikaskuntzako kidea.

Martinez de Lunak esan zuenez, 2001ean sareratuko entziklopedia asko aldatu eta garatu da, askoz erabilgarriago bihurtze aldera. Asmo horrekin Madrilera jo eta Google etxekoekin bilerak ere egin zituzten, eta beraiek erabiltzen duten sistema bera erabilita, bilaketak 0,2 segundoan ematea lortu. Eta beti zerbait ikasten delakoan, Kataluniara ere jo zuten, katalan entziklopedia ezagutzera. Sekulako indarra omen du L´Enciclopédia Catalana delakoak -besteak beste, bertako kutxa eta banku guztien babesa du-, baina funtsezkoa irizten dioten alderdi batean, bilaketen abiaduraren kontuan hain zuzen (ikasle jendeak ez baitu jada, apenas liburuetara jotzen), atzo aurkeztutako Auñamendi Euskal Entziklopediak aurrea hartu omen die.

Eusko Ikaskuntzak atzo, urteetako lanaren ondoren, aurkeztu zuen egitasmoa herenegun gaueko hamarretan jarri zuen sarean.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo