GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Bizkaia Arenako zaleen agurra jasotzeko ordua

p037_f02_666x666.jpg

Arnaitz GORRITI

Eurocupeko final-laurdenetako itzuliko partida jokatuko du gaur arratsaldean Bizkaia Bilbao Basketek Nymburken aurka. Joaneko partidan emaitza bikaina lortu zuten Fotis Katsikarisen mutilek, nahiz eta partida negargarria jokatu.

Azken batean, aldeko emaitza lortzea zen bizkaitarren xedea eta lortu zuten, 47-59 irabazi baitzuten. Oso zaila dirudi, beraz, talde txekiarrak 13 puntu edo gehiagogatik irabaz dezakeenik, eta ondorioz, Bizkaia Arenara urreratzen diren zaleen agurra jasotzeko baliatuko dute gaurko neurketa beltzezko gizonek, gaurkoa izango baita aurtengo Eurocupen etxean jokatuko duten azkenengo partida.

Horrez gain, etxean jokaturiko azken partidetako sufrimendua baztertzea ere nahi luke bilbotarren entrenatzaileak. EFEri eginiko elkarrizketa batean esan zuen moduan, «gure esku dago kanporaketan aurrera egitea. Pardubicen gauzak ongi atera zitzaizkigun, batez ere bigarren zatian egindako lanari esker, baina hori ez da nahikoa. Taldeak ongi jokatzea nahi dut zaleen aurrean azkenaldian asko ari garelako sufritzen eta Bizkaia Arenan ez dugulako Eurocupeko beste partidarik jokatuko».

«Final Fourrera iristeak psikologikoki ongi prestatuta egotera behartzen gaitu. Finalista izateak datorren denboraldian Europan izatea bermatzen du eta irabazteak, berriz, Euroliga. Bada, gure aurreneko helburua finalerdietara iritsi eta han dena ematea izan behar da», gaineratu zuen.

Gainditu beharrekoak

Gaurko partidara baino gehiago, hemendik hiru aste eskasera begiratzen dute bilbotarrek, baina Nymburkek oraindik ba omen du zer edo zer esateko. Hala, Muli Katzurin entrenatzaileak partida bezperan esan zuenez, «aurreneko partidan gertaturikoak ez du kanporaketa erabakita laga. Partida kontrolpean izan genuen 33 minutuan, eta nire ustez bigarren dema honetan are hobeto lehia gintezke».

Antzeko hitzak izan zituen Ladislav Sokolovsky jokalariak ere: «Aurkariak hartu duen abantailari ezin gatzaizkio begira egon. Partida irabaztera etorri gara Bilbora eta horrek behar du gure lehentasuna. Partida eramateko aukerarik badugu, eta horretarako 12 puntuko desabantailari buelta ematea pentsatuz hasi behar dugu. Azkenengo laurdenean makina bat jaurtiketa huts egin genituen eta lastima da, aurreneko hiru zatietan lehiakide gogorrak garela erakutsi baikenion Bilbao Basketi. Itzuliko neurketa honetan gauzak hobeto egingo ditugun itxaropena daukat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo