Iker Lamariano Garagarza Arkitekto Tekniko langabea
Zenbat eta askeago, orduan eta okerrago
Orain, enpresak ez du nahikoa irabazten, eta murrizketa batzuk aurreikusi, eta, gainera, langileei ulertzeko eskatzen die. Krisia zerutik jaitsia izango balitz bezala Aberatsak beti aberats eta boteretsuak beti boteretsu. Beste guztiok telebista ikusi, zapatuan parranda egin, edo, nahi izanez gero, otoitz eginez ahantz ditzakegu gure kezkak. Jabetza pribatua gizarte guztiaren beharren gainetik jartzearen ordaina
Zergatik gaude krisian murgilduta? Ezerezetik sortu den egoera naturala da ala, baditu bere arduradunak? Daukadan sentsazioa, gizartearen gehiengoak lehenengo aukera duela ontzat.
Ekonomia ongi doanean eta gizartearen gehiengoa gustura bizi denean, norberak bere etxea, autoa, emaztea edo senarra, seme-alabak eta hori guztia mantenduko duen lanpostu «finkoa» duelarik, sistema egokian bizi garela pentsa genezake. Zorte handia dugula munduko beste herrialde batzuen aldean eta garai txarrak pasa zirela. Azken batean, hemen askatasuna dugu pentsatzen duguna adierazteko eta gauzak ez doazkit hain gaizki. Geure burua engainatuz lasaitzen gara.
Krisia iristen denean, aldiz, gauzak guztiz bestelakoak bihurtzen dira. Bat-batean, bizi osorako zirudien lanpostu finko hura «kanpoko indar handiago» batengatik deuseztatua izan da. Orain arte, hainbeste milioi euroko irabazietatik gehiena ugazabak zeraman, eta langileen soldatak inongo arazorik gabe ziren ordainduak. Diru gehiena enpresaren jabeak zeraman, baina guztiek lehenengo pertsonan, «asko ari gara irabazten» zioten. Orain, berriz, enpresak ez du nahikoa irabazten, eta murrizketa batzuk aurreikusi, eta, gainera, langileei ulertzeko eskatzen die. Krisia zerutik jaitsia izango balitz bezala. Ez naiz ekonomian lizentziaduna eta ez ditut burtsaren gorabeherak eta beste hainbat kontzeptu argi ulertzen, baina jakin badakit dirua ez dela desagertzen, esku batzuetatik besteetara pasatzen baizik. Kontua ez da gizartea pobre bihurtzen dela, aberastasunak gutxi batzuen baitan amaitzen duela baizik. Irabazi handiak daudenean, enpresek berentzat gordetzen dituzte eta batzuek hori justutzat jo dezakete hasieratik kapitala arriskuan jarri dutenak beraiek direlako. Baina, hori horrela izanik, galerak sortzen dituztenean, ez al lukete beraiek ordaindu beharko? Langilerik gabe ere, lantegia pikutara joango litzateke. Hori da irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatzearen arazoa. Galerak guztiok ordaindu behar baditugu, irabaziak ere denon artean banatuak beharko dira izan.
Baina noizbait igaroko da «krisi» hau eta iritsiko dira hurrengoak ere. Bolada txar bat pasatu eta gainditu dugun bezala, geldituko da, eta ezer ikasi gabe, estruktura kapitalista berbera izaten jarraituko dugu. Egoera txar hauek ekonomiaren gorabeherak direla eta ahal den moduan jasan behar ditugula sinetsaraziko digute. Betiko azpijoko mediatikoarekin egingo digute iruzur. Arreta desbideratuz: A gripea, Orlando Zapataren (Kuba) heriotza...; gezurrak esanez: «ez gaude krisian», lehen, eta «krisitik ateratzen goaz», orain, «kimu berde» miragarri haiek..., eta hori gutxi balitz bezala, egoera tamalgarriaren aurpegi atsegina erakusten saiatuko dira: albistegietako aurkezle atsegin eta erakargarri batek krisi garaian prestatzeko moduko plater merke baina izugarri gozo baten errezeta azalduko digu irribarre zabal batekin, debar askok, momentu horietan Iber-Leiberreko gerenteak dastatu ahal duen txuletatzarra gogoan izango badu ere. Inongo lotsarik gabe, bakoitzak bere aldetik jartzeko eskatuko digute eta politikariren batek, akaso, dimisioa aurkeztuko balu, sekulako garaipena lortu dugula iritzi geniezaioke.
Beraz, arazoa ez da instituzioek eta momentuko politikariek lana gaizki egiten duten ala ez. Arazoa instituzioa bera da, sistema osoa, alegia: kapitalismoa. Kapitalismoak kapitala du ardatz. Norberaren ondarea eta jabetza pribatua balore sakratutzat ditu gizartearen beharren gainetik. Horiek ukiezinak dira, nahiz eta horren ondorioz gosez hiltzen den jendea egon. Sistema honek ez du inolaz ere guztion ongizatea bermatzen. Duen eginbehar guztia biztanleria ahal den neurrian pozik mantentzea da, aberatsek poltsikoak ongi beterik manten ditzaketen bitartean. Horretarako milaka adabaki asmatuko dituzte: bekak ikasleentzat, laguntzak botiketan, babes ofizialeko etxebizitzak, lo egiteko zentroak... Oraindik osasun zerbitzua pribatizatu gabe dago kalitate hobearen aitzakiaz, eta aprobetxatu orain gaixotzeko! Pozik ez dagoenaz arduratzeko, polizia eta epaileak!
Aberatsak beti aberats eta boteretsuak beti boteretsu. Beste guztiok telebista ikusi, zapatuan parranda egin edo, nahi izanez gero, otoitz eginez ahantz ditzakegu gure kezkak. Jabetza pribatua gizarte guztiaren beharren gainetik jartzearen ordaina.
Nik, ikasketak orain dela urtebete bukatu ditudalarik, ekonomia krisi edo kontzientzia krisi hau amaitzeko irrikaz jarraituko dut, behingoz, ikasitakoa praktikan jartzeko esperantzarekin.
Eduardo Galeanok dioen bezala, «diruarekin pertsonen alderantzizkoa gertatzen da: zenbat eta askeago, orduan eta okerrago».