«Pastorala jai xahar bat da eta behar dugu begiratu pastoralaren arima»
«Xahakoa» pastoraleko idazlea
Patrick Quihaille «Kanpo» barkoxtarra da eta berak idatzi ditu aurtengo «Xahakoa» pastoralaren hitzak. Jaio zen etxeko izenarekin ezagutua da, «Kanpo». Quihaillek lan handia egin du azken bi urteotan Alexis Etxekopar «Attuli» idazle eta bertsolariari buruzko informazioa biltzen bere herriko biztanleen artean.
Idoia ERASO | BARKOXE
Uztailaren 25ean estreinatuko den «Xahakoa» pastoralak Alexis Etxekopar Attuli izanen du protagonista. Artista zuberotarrari eskaini pastoralak barkoxtarrak bildu ditu bere inguruan.
Nola abiatuko da «Xahakoa» pastorala?
«Xahakoa», barkoxtar baten istorioa da, Alexis Etxekopar Attulirena, aldi berean bere obra edo kantoreak [kantuak] ere agertzen dira. Attuli da etxearen izena. Haren istorioa kontatzen dugu pastoralean, ezagutu zituen gertakariak, hala nola munduko bigarren gerla, zeren eta Barkoxen bizi baitzen, eta ezagutu zituen alemanak hemen zirelarik. Gertakari latzak jarraiki zituen gazte denboran, hemezortzi urte baitzituen gerla denboran. Hori lehen zatia da, gaztaroa.
Bigarren partean aipatzen dugu euskal kultura eta bereziki euskal kulturaren indarra barkoxtarrentzat, baita Attuliren bizitzan. Gazte denboratik hasi baitzen kantu idazten eta kantatzen. Amini bat parte hartu zuen maskaradetan, eta hor pastoralean aipatzen dugu, laburki baina, gerla ondoko maskaradak aipatzen ditugu zeren eta lehen aldiz baitziren emazte gazteak sartu maskaradetan. Attulik bizi izan zuen hori eta barkoxtarrek ere bai.
«Attuli»ren bizitzaz gain, herriko jendearena ere kontatzen duzu pastoralean.
Bai, hori da. Haren bizia bada, barkoxtarren biziak ere bai, loturik baitira enetako, adibidez, euskal kultura giroan. Barkoxen 1986an egin genuen «Etxahun» pastorala, Etxahun-Irurik eta lehen obra zuen orduan, aldaketa ekarri zuen. Antzinatik pastoraletan beti agertzen ziren giristino istorioak edo Frantziako istorioak. «Etxahun» pastoralarekin erabat aldatu da hori, geroztik beti Euskal Herriari loturik den gai bat baita plazaraturik. Hori gauza inportanta izan da Barkoxeko herriarendako eta Attulirentzat ere bai.
«Attuli»ren lanak ez dira oso ezagutuak Zuberoatik kanpo, pastoral honekin pertsona bera eta bere lana ezagutzera emateko parada izanen da.
Bai, helburua hori da nonbait. Attulik kantu mailan eta idazkera mailan lan handia egin du, baditu nik ez dakit zenbat kantore eginik, agian berrogei bat, hitzak, eta ahaire [doinu] ere bai, beti. Euskaraz eta frantsesez ere egiten zituen nonbait. Badira hamar edo hogei bat frantsesez ere bai. Nonbait pastoral horren bidez nahi ditugu kantu horiek plazaratu eta ezagutarazi publiko zabal bati, zazpi probintzietako jendeei.
Ez da zuk idazten duzun lehen pastorala, zein ezberdintasun izanen dira aurreko idatziarekin konparatuta?
Lehen pastorala idatzi nuelarik, «Herriko semea» pastorala, duela hamabi urte, lehentxe nintzen abiatzen, orduan ez nuen menturaz gai bera, gai zaharragoak ziren. Marlo Uturburu margolaria baitzen gaia. XVIII- XIX. mendeko gaiak ziren, eta beti ikerketa guttiago egiten duzu eta kasu guttiago eman ere.
Aldiz hor, nik Attuli ezagutu dut untsa, zeren eta badira orain bost urte zendu zela, eta bortxatua zara nonbait untsa aipatzera, kasu egitera bihi bat, nola bizi izan zen. Entseatzen zara sartzen aipatzen duzun pertsonaia horren baitan. Niretzako zinez aberatsa izan da eta sentimen sekulako azkarrago bat sentitu dut hau idaztean, zeren eta ezagutu baititut aipatzen diren jendeen erdiak. Badira laurogei bat jokulari [antzezle], kargu desberdinak eta erdiak ezagutu ditut, bortxatua zara zorrotz izatera eta zuzen ere bai. Historiaren aldetik eta azkenean niretzako aberatsagoa izan da. Pentsatzen dut jokalariendako ere bai aberatsago dela zeren eta historia ezagutu dugu.
Herriko jendeak lagundu dizu oroitzapen horiek biribiltzen?
Bai, zaharrengana izan naiz eta haiekin hitz egin eta bildu naiz. Kantu zaharrak bildu ditut, erranaldiak. Bi urtez ibili naiz herrian, zaharrengan.
Hainbeste jende bada non emanaldi batetik bestera zenbait arizale aldatuko diren.
Bai, badira ehun bat arizale edo jokulari eta badira ere hogei bat haur, zeren eta istorioa haurretarik hasten da, Barkoxeko eskolatik hasten da. Euskara aipatzen da horrela, zeren eta lehen euskara debekatua zen, eta Attulik hori bizi izan zuen. Ez ditut xehetasun denak emanen, baina erraiteko errota nola inguratzen den beti, duela hogeita hamar urte debekatua zen eta orain ikasten dute eskolan euskara.
Ehun bat arizale dira, badira ongi kantatzen dutenak eta horien ariarazteko kanbiaturik izan dira hiru emanaldietan. Zenbaitek lehen edo azken peredikua erranen dute.
Emanaldietan berezi bat izanen da, gauez eginen duzuena.
Bai, hiru aldiz emanen dugu pastorala Barkoxen, eta ez dugu kanpoan emanen. Pentsatu dugu pastoral eremuan eta erreferitzeko eremuan, nahi dugula publikoa egotea hurbil oholtzatik, eta hori pentsatuz erabaki dugu 2.500 leku baizik ez dela izanen. Gaur egun pastoraletan 3.500era heldu dira herri zenbait, bi aldiz emaitez. Guk ttipiagoa nahiago dugu, 2.500ekin eta hiru aldiz emanen dugu.
Lehen pastorala, uztailaren 25ekoa, eta hirugarrena, agorrilaren 8koa, igandeak, egunez eginen ditugu. Artekoa, uztailaren 31n, gauez emanen dugu, larunbat gauarekin. Gauean argiak izanen dira, baina ez ikuskizun berezietan bezala anitz kolorekoak. Pastorala da jai xahar bat eta behar dugu begiratu pastoralaren arima, eta arima horren begiratzeko izanen dira argi zuriak, joko gutxirekin. Entseatuko gara jokaldi zenbaitetan sua ekartzera.