GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkarrizketaren alde lan egiteko eskatu diote Hugo Chavezi euskal errefuxiatuek

Venezuelako euskal errefuxiatu eta deportatu politikoen kolektiboak Estatu espainolaren errepresio estrategian ez parte hartzeko eta gatazka politikoa elkarrizketaren bitartez konpontzen laguntzeko eskatu dio Hugo Chavez buru duen Gobernuari.

p016_f02_199x116.jpg

GARA

Venezuelako errefuxiatu eta deportatu politiko euskaldunen kolektiboak Auzitegi Nazionalak abiarazitako sumario baten harira jasaten ari diren «kanpaina mediatiko-errepresiboa» salatu du, apirilaren 4an sinatutako agiri baten bidez.

Azaltzen dutenez, «erasoaren» abiapuntua ez da Eloy Velasco epailearen autoa, 2009ko urte bukaeratik polizia espainolak hainbat alditan izan baitira Caracasen Venezuelako poliziarekin (CICPC) kolektiboaren eta euskal komunitateko jendearen aurka kanpaina mediatiko bat antolatzeko asmoarekin.

Diotenez, lehen saiakera horrek ez zuen aurrera egin Venezuelako poliziek uko egin baitzioten parte hartzeari, eta horregatik ekin diote azken asteotako kanpainari, Hego Amerikako herrialde hori «aktore politiko» bihurtzeko asmoz. Ildo horretan, PSOEren Gobernuaren helburua bikoitza dela adierazi zuten. Alde batetik, Chavezen Exekutiboaren kontrako iritzia zabaltzea Venezuelan eta nazioartean, eta, aldi berean, errepresioaren jomugan jartzea errefuxiatuen kolektiboko kideak.

Walter Wendelinen kanporaketa Gobernu espainolak aurrera eramandako estrategia horrek eragin duela argitzen dute, gogora ekarriz Wendelin «Zutik Euskal Herria» proposamena aurkezten zebilela hainbat herrialdetan. Indar independentisten batasunaren alde emandako pausoak euskal gizarteari «ilusioa» egin diola nabarmentzen dute, baina Estatu espainola errepresioaren bidez «saboteatzen» saiatzen ari dela diote, eta hori erakusten dutela Jon Anzaren bahiketa eta hilketak, preso politikoen zigorrak gogortzeak, atxiloketa eta torturek.

Beraien iritziz, Estatu espainolak ez dauka gatazka gainditzeko «borondate politikorik» eta horregatik, eskatzen diote Hugo Chavezen Gobernuari ez dezala parte hartu errepresio estrategia horretan. Are gehiago, zerbait egitekotan, elkarrizketaren alde lan egin dezala galdegiten diote. «El Pais» egunkariak atzo argitaratutako informazioaren arabera, Venezuelak Gobernu espainolari errefuxiatuei buruzko informazioa eskatu dio, eta estradizioak onartzeko aukera aztertzen egongo lirateke.

PRESOEN ALDE

Atzo, oraindik jai eguna izan arren, 45 lagun bildu ziren presoen alde Iurretan eta Santurtzin, 35 Zaldibian, 32 Laudion, 25 Ataunen, 23 Altzan, 15 Bermeon eta 9 Euban.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo