Kronika | Sarako idazleen biltzarra
Euskaltzaleek urteroko hitzorduari bizi berri bat eman diote Saran
Jendea ausarki ibili zen atzo Sarako Idazleen Biltzarrean. Azken urteotako joerari jarraiki, aurreko edizioan baino jende gehiago hurbildu zen disko eta liburuetan izandako azken berritasunak ezagutzera. Sarako kiroldegian euskal idazle, artista eta euskaltzaleen ordezkaritza handia elkartu zen.
Idoia ERASO
Eguraldiak lagunduta beharbada, Sarako herria eta Biltzarra giro goxoan izan ziren atzo egun osoan. Indartsu hasi zen idazleen elkargunea, eta eguerdi aldera jo zuen azokak bere goia. Eusko Ikaskuntzaren sariak ematen hasi zirenerako betetzen joan zen herriko gela; Biltzarraren sarien banaketaren orenerako jendez lepo zegoen. Euskal kulturako pertsona ezagunak ikus zitezkeen nonahi, bai mahaien atzean, bai aurrean. Batzuk beren azken lanak aurkezten, eta besteak, aldiz, berritasunei itzulia egitea eta aspaldiko lagunak ikustea aitzakiatzat hartuta.
Argitaletxe handien ondoan diskoetxe eta elkarte txikiagoek izan zuten tokia, baita norbanakoek ere. Han zen, Pamiela eta Elkar argitaletxeen artean, Joxet Lahetjuzan saratarra. Historiari begiratu bat eman ondoren, Frantziako Iraultzaren garaian saratarren kontra egin zen erasoaren berri ematen duen «Sara, frantses iraultzan» liburu bakarrarekin.
Argitaletxeetako mahaietan ziren idazleen sinadura lortzeko aukera bazen. Han ziren beren lanak sinatzen Eneko Bidegain, Auxtin Zamora, Claude, Labat, Mixel Thikoipe, Pantzo Hirigarai, edo Henri Duhau, besteak beste. Erosgai zen ere aurtengo Sarako Biltzarraren sariaren irabazle Eñaut Etxamendiren bilduma. Maiatz argitaletxeak ari da saridunak idatzi dituen obrak biltzen eta argitaratzen.
Eusko Ikaskuntzak urtero eskaintzen dituen diru laguntzen banaketan Ipar Euskal Herriko gazteen euskararekiko interesa argi azaldu zuen. Alderdi eta ikuspegi oso ezberdinetatik hartuta, gazteriak euskarari ikerketaren eremutik ere atxikitzen diola agerian gelditu zen. Maider Bedaxagar esaterako «ergatibitatea eta euskara» ari da aztertzen, Maitena Duhalde «Azkaineko euskararekin» dabil eta Eneritz Zabaleta, bestalde, Estatu frantsesean dagoen lege esparrutik heldu dio lanari.
2010eko Biltzarraren sariak
Aurtengo Biltzarraren sariak Eñaut Etxamendik eta Alexandre De La Cerdak hartu dituzte. Azken honi dagokionez, Garat medikuak nabarmendu nahi izan zuen, jatorriz kanpokoa izanik, euskal kulturarekiko izan duen atxikimendua: «Euskal kulturaren pertsonaia bilakatu da eta horrek Biltzarraren sariaren merezidun egin du».
Eñaut Etxamendiren saria aurkeztean, lagun baten istorioaren berri ematen ari zela nabari zitzaion Daniel Landarti: «Lehen aldian entzun nuelarik ezagutu nuen eskuara ausarki mintzatzen zuen gizona. Bazuen bere iratzartzearen beharra gure Eskual Herriak». Aspaldiko lagunari hitz eder hauekin saria eskainiz bukatu zuen Landartek: «Biltzar Saria merezia duzu eta segi zure jakitateaz argitzen».
Poz handiarekin eta bere ibilbidean lagun izan dituenak ahantzi gabe eskertu zuen Etxamendik saria: «Erran direnak gehiegizkoak direla uste dut. Saria hartzen dut eskuararentzat eta bidean lagundu nautenentzat».
Tarte horretan familia eta lagunak eskertzearekin batera, ibilbide artistikoan lagundu dutenak ere eskertu nahi izan zituen. Etxamendi eta Larralde bikote ezagunak Euskal Herriko besten itzulia egin zuen urteetan, bazkari eta dantzaldiak animatuz. Bikotekidearentzat hitz goxoak izan zituen kantariak «Plazera izan da kantuz aritzea Larralderekin eta beti fidel gelditu da nirekin». Daniel Landartek haren abeslari alderdia nabarmendu zuen hasierako hitzaldian, «Kantagintzan arras ezagutua dela», eta laurogei kantu baino gehiago eginak dituela gogora ekarriz.
Desertutik oihanera
Idazleen biltzarra izanki ezin ahantzi Etxamendiren idazle alderdia. Maiatz argitaletxeko buru Luzien Etxezarretaren lana goraipatu zuen, eta nola ez, berari ere eskaini zion jasotako saria: «Eskuarazko idatziendako izan du bai inportantzia. Dirurik gabe, irakurlerik gabe eta dudako idazleekin, aski tematuz, lortu du 27 urtez atxikitzea. Atzeman ditu idazleak eta orain argitaletxea ere egin du».
Emozio handiarekin hartu zituen Etxezarretak saria jasotzean Etxamendik errandako hitzak. Baina Maiatz argitaletxeko arduradunak ere beste erakunde eta euskaldunek egin lana nahi izan zuen nabarmendu. «Literatura egiten dutenak dira protagonista, eta hori horrela da euskara oraindik bizirik baita Iparraldean. Hortako bada euskarazko literatura. Tematuz gauza asko lortu dira, tematuz lortu da IKAS izatea, tematuz lortu dira ikastolak sortzea eta horrela ere, tematuz, Maiatz bizi da».
Etxamendi zein Etxezarretak euskararen garrantzia eta gure hizkuntzarekiko maitasuna izan zituzten hizpide. Maitzeko presidenteak «Euskararen maitasuna dugu eragile nagusia» nabarmendu zuen. Horrez gain, 2010eko Sarako Idazleen Biltzarraren Sariaren irabazleak, «Ikastolak laguntzen dituztenei» ere eskaini zien golardoa.