Mikel Aramendi Kazetaria
Afrikako Estatu Batuak
Afrikako Estatu Batu horien «profeta» garaikide ia bakarra, Gaddafi... egungo nigeriar estatua zatitu beharra aldarrikatzen hasi da, eskandalua piztuz. Teorian, ez lirateke uztarrezinak egungo «estatuak» desegitea eta federazio handiagoa eraikitzea; praktikan...
Senegal independentearen 50. urtemugaren inguruan piztu den harrabotsean, askotan bezala, aparrak (Afrikar Berpizkundearen Monumentua delakoaren egokitasun estetiko edota ekonomikoak) ia erabat estali du azpiko edabea (Frantziak «betidanik» herrialde hartan izan dituen base militarren gaineko subiranotasunaren berreskurapenaren iragarpena, haien behin betiko amaiera ez bada ere, demagun); eta zer esanik ez ontziaren barrenean egon litekeen mokadua.
Kasu honetan, mami politiko eta ideologiko sendoago hori, Afrikako Estatu Batuak sortzearen alde Abdoulaye Wade lehendakari zaharrak egin duen hamaikagarren aldarrikapenean ez ezik, adierazpen horrek beste hainbat herrialde afrikarretako agintarien artean aurkitu duen oniritzian legoke, nahiz eta inork ez duen apustu handirik eginen egitasmo horren bideragarritasunaren alde, berehalakoan behintzat. Deskolonizazioaren kumeek mende erdia bete dutenean, orduan nahitaezkotzat hartu eta aplikatu ziren estatu ereduak, denak, salbuespenen bat gorabehera, erabat antzuak suertatu direla Afrikan aitortzeko modu bat dela pentsa dezakegu. Erantzukizunak eta erruak nola banatu behar liratekeen tematzen sartu gabe.
Deskolonizazioaren aurreko ikuspegi eta xede teorikoetara itzultzea da, hein batean, munduan bigarren USA (ingelesez behintzat) sorraraziko lukeen amets hori. Oraintsu arte, Gaddafi bezalako frankotiratzaile politikoen kometa diplomatikoa soilik izan dena, egia esateko. Panafrikanismoaren hastapen haietan ordea, Afrika batu eta federatuaren ideia seguruenik hurbilago zegoen K. Nkrumah, P. Lumumba, S. Toure, J. Kenyatta eta gainerakoen helburu eta nahikundeetatik, gerora haietako gehienek kudeatu behar izan zituzten estatu itxurako egitate postkolonialak baino. Eta Afrikako Batasuna erakundea amets haren karikatura besterik ez da izan.
Egungo benetako arazoa, hala ere, ametsena ez baizik amesgaiztoena da Afrikan. Herrialde gehienen pobrezia beldurgarria ahaztuko bagenu ere, haien egitate politiko-teorikoen eta egiazkoen arteko desberdintasuna irudikatzeko modu beldurgarri bat erabil dezakegu, mapa batean islatuz kasuan kasuko estatuaren aginpidetik kanpo dauden lurralde esparruak. Eta hartara ikusiko genuke kontinente osoaren zeinen zati handia bizi (?) den teorian legokiokeen «legetik» at. Batzuek darabilten «huts egindako estatuen» kontzeptua baino argigarriagoa izan daiteke.
Egoera lazgarri honen samurgarri edo konponbide izan litekeen ia kontinente osoa hartuko lukeen makro-estatu federatu baten sorrera... ikusi egin behar. Nekez egingo dute, edonola ere, haren alde egungo egitura politikoen mozkinetatik bizi diren eliteak, parasitarioak gehienetan. Eta horiek ezean, prozesuaren motorra zein izango litzatekeen imajinatzea ere ez da erraza.
Amets hori gauzatzea zein zaila izan daitekeen ohartzeko, oraintxe bertako adibidea: Afrikako Estatu Batu horien «profeta» garaikide ia bakarra, Gaddafi... egungo nigeriar estatua zatitu beharra aldarrikatzen hasi da, eskandalua piztuz. Teorian, ez lirateke uztarrezinak egungo «estatuak» desegitea eta federazio handiagoa eraikitzea; praktikan...