GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Faboritoetatik ia inork ez du hutsik egin lehen saioan

Irazabal, Beltza, Rodriguez I.a, Eraso, Kastro eta Pellejero izan dira hasierako jardunaldiko onenak, eta seirak hurrengo kanporaketan izango dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Abiatu da Urrezko Aizkora, eta jokatu dira jadanik lehen hiru kanporaketak. Hortik, Irazabal, Beltza, Rodriguez I.a, Eraso, Kastro eta Pellejero izan dira hurrengo kanporaketan izateko txartela lortu duten aizkolariak.

Hiru kanporaketetan, 27 aizkolari lehiatu dira, bederatzi saioko, eta hori dudarik gabe kirol honentzat oso berri ona da. Jendearen erantzuna ere bikaina izan da lehen hiru egunetan, eta antolatzaileak gustura geratu dira lehen saioarekin.

Bederatzi aizkolari izan dira, saio azkarrak egin behar ziren, eta antolakuntzak gauzak ongi egin zituen saio luzea ez izateko. Hiru multzotan banatuta aritu ziren, eta multzo bakoitzean ligaxka jokatu zuten, denak denen aurka. Bakoitzetik azkena geratu zen kanpora, eta sei, aurrera. Berriro hiruko bi multzo egin, eta lehenengoek lortu zuten aurrera sailkatzea.

Finalean aritu ziren hiru aizkolariak ligaxka eran jokatu zuten, eta lehen biak egin zuten aurrera, eta hirugarrena ordezko geratzen zen. Neurketa bakoitza enbor batera jokatu zuten, zeinek azkarrago moztu enbor bat.

Baranbion Irazabal gaztea izan zen garaile. Bizkaiko Bigarren Mailako txapeldunak 18 urte besterik ez ditu, baina berriro ere oso itxura ona eman zuen, eta berak lortu zuen garaipena. Atzetik Beltza nafarra sailkatu zen, eta biek lortu zuten hurrengo fasean izateko txartela. Hirugarren, Vazquez sailkatu zen, eta hau ordezko geratzen da, baina norbaitek huts egin ezean, amaitu zaizkio aurtengo Urrezko Aizkorako lanak.

Larunbat arratsaldean Izarran jokatu zen bigarren ekinaldia, eta han Juan Rodriguez segoviarrak irabazi zuen. Bera da lehian ari den Euskal Herritik kanpoko aizkolari bakarra, eta bera izan zen Izarrako saioko aizkolaririk onena.

Finalean Eraso hartu zuen mendean, baina biak izango dira hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan. Hirugarren postuan Ramiro Llanos sailkatu zen, eta arabarra ordezko gisa geratuko da.

Lehen jardunaldiko azkeneko ekitaldia Beran jokatu zen igande eguerdian, eta nafarak izan ziren nagusi, lehen bi postuetan herrialde horretakoak izan baitziren. Raul Kastro izan zen onena, eta berak lortu zuen lehen postua. Bigarren Pellejero aresoarra sailkatu zen, eta biek lortu zuten hurrengo fasean izateko txartela. Gipuzkoar bat, Alkizalete II.a, sailkatu zen hirugarren postuan, eta honek itxaron egin beharko du, ea norbaitek huts egiten duen, ordezko moduan geratu baita.

Hurrengoa, prest

Bigarren jardunaldia ere prest dauka Egur Sportek, eta era berean jokatuko da. Hiru saio izango dira, bakoitzean bederatzi aizkolari, eta bakoitzetik bik egingo dute aurrera.

Larunbatean, Zegaman arituko dira 19.30etik aurrera, eta bertan, Ugarteburu, Elorriaga, Mugertza III.a, Esnaola, Ruben Saralegi, Kañamares III.a, Txapartegi, Rodriguez I.a eta Pellejero neurtuko dira.

Igandean, berriz, bi saio jokatuko dira. Torraon, 12.00etatik aurrera, arituko dira Resano, Eneko Saralegi, Mugertza II.a, Etxeberria, Senosiain II.a, Manolo Kañamares, Erdozia, Irazabal eta Eraso. Arratsaldean aizkolariak Zumaian neurtuko dira 17.30etik aitzinera, eta bertan, Zubizarreta, Ohian Larretxea, Mugertza I.a, Telletxea, Olano, Mujika, Etxebeste, Kastro eta Beltza lehiatuko dira.

Segoviarra

Juan Rodriguez da Urrezko Aizkoran ari den kanpotar bakarra. Dena dela, segoviarrak urte mordo bat daramatza lehiaketa honetan parte hartzen, eta lehen kanporaketako aizkolaririk onenetakoa izan zen, bigarren fasera sailkatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo