GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Errekor saiakera

Zalduak ezin izan du Elorriagaren marka ondu

p038_f02.jpg

J.L.

Xabier Zalduak ez zuen lortu Elorriagak jarritako marka, eta beste ahaleginen batean lortu beharko du. Zumarragako aizkolariak lehenengo kanako enborra moztu behar zuen Zumarragan, Antiguako ermitaren ondoan, eta ondoren Izazpi mendiko tontorrera joan, eta handik berriro ermitara jaitsi behar zuen.

Elorriagak zeukan marka hori, eta Zumarragako beste aizkolariak lan horiek denak egiten 56 minutu eta 38 segundo behar izan zituen. Hori ontzeko helburuarekin abiatu zen Zaldua, baina honek 61 minutu eta 23 segundo behar izan zituen.

Markaren norabidea kanako enborrean hasi zen okertzen. Hor Zalduak ez zuen epaiarekin asmatu, eta bi minutu inguru galdu zituen enborra erdibitu ezinik, enbor gainean jira eta bira. Horrek eragina izan zuen, baita ere aurretik zegoen markak ere, Elorriagak oso denbora ona baitzuen egina.

Enbor oso gozoa plazaratu zuen Zalduak, eta Laskurain erakusle lanetan zuela, lehen zati oso ona eman zion. 7 minutu eta 17 segundoan erdia amaitu zuen, eta bazirudien marka hausteko bidean zihoala. Bigarren zatian, ordea, epaiarekin ez zuen asmatu, eta gauzak okertu egin zitzaizkion. Enborra erdibitzea kosta egin zitzaion, eta han ia bi minutu galdu zituen, eta horrekin batera indar mordo bat ere alferrik galdu zuen. 17 minutu eta 43 segundoan bota zuen kanakoa, Elorriagak bere garaian egindakoa baino minutu bat eta 36 segundo gehiago.

Hori amaituta Izazpi mendira abiatu zen, eta tontorrera iritsi zenean, 48 minutu eta segundo bat erakusten zuen kronometroak. Garbi zegoen markarik ez zela izango, handik behera etortzeko zazpi minutu inguru geratzen baitzitzaizkion marka ontzeko, eta garbi zegoen hori ia ezinezkoa zela, eta horrelaxe izan zen, amaieran 61 minutu eta 23 segundoan burutu baitzituen lanak.

Helburua bete ez arren, Zaldua oso gustura geratu zen egindakoarekin: «Egia esan oso gustura geratu naiz egindakoarekin. Aurretik esana nuen marka oso ona zegoela jarrita eta ez zela izango erraza hori lortzea, eta ezin izan dut», esan zuen.

Zumarragarrak onartu zuen erabakigarria izan zela kanakoan epaiarekin asmatu ez izana: «Oso ongi nindoan, baina amaieran epaiarekin ez dut asmatu, eta hor denbora asko galdu dut. Denborarekin batera indarrak ere galdu ditut, eta gero burua lanean hasi zait, eta denak izan du eragina. Gero mendira abiatu naizenean, kosta egin zait buelta ematea, eta ezin izan dut marka ondu», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo