Gizarte justizia ekarriko duten politikak behar dira
Alderdi tekniko hutsari dagokionez, atzo Lan Ministerio espainolak jakinarazitako langabeziari buruzko datuek erakusten dute enplegu politikek porrot egin dutela. Eta politika horiek, eta oro har arduradun ekonomikoek krisiari aurre egiteko hartu dituzten neurriak, ez dira politikariek instituzioetatik aldarrikatzen duten moduko gizarte solidario bati legozkiokeenak. Behin eta berriz iragarri izan dute egoerak hobera egingo duela (eta noizbait asmatuko dute, jakina), baina herritar gehienek gero eta langabezia tasa handiagoa, lan merkatu gero eta eskasagoa baino ez dute ikusten hiletik hilera eta, gainera, gizarte babesa murriztuta eta langileen enplegua gero eta baldintza eskasagoen pean. Egoera txarra, eta argi eta garbi esan beharra dago, bidegabea da, eta egoeraren bidegabeari politika bidegabeak gehitu dizkiote; agintariek eta enpresaburuek adostutako politikak, alegia. Sindikalgintzaren erantzunak askotarikoak dira, helburuak ere desberdinak baitira; hala ere, atzo LAB sindikatuak agertutakoa denek onartu behar lukete: gizarte justizia. Hori, ordea, ezin da lortu enpresaburuen gustuko politikak aplikatuz, baizik eta politika justu eta eraginkorrak abiatuz, bakan batzuen etekinak gehienen estutasunekin bateragarriak izatea edo krisialdia negoziorako abagune izatea eragotziko luketenak, hain zuzen.