Expodistritok sei erakusketa jarri ditu ikusgai Bilboko beste horrenbeste udaltegitan
Horietarik lau pintura erakusketak dira, Sol Mateos, Dolo Marina eta Edurne Rivas artisten eta AmiArte arte elkartearenak; eta beste biak, zanpatutako loreez Aranzazu Zabalok egina bata, eta bonsaiena, bestea.
A. BILBAO | BILBO
Expodistrito Bilboko barrutietako udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak atzo hasi zuen 2010eko bigarren hiruhilekorako egitaraua. Oraingoan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko eta Castañoseko udaltegietara hurbiltzen direnek sei erakusketa ibiltariz gozatu ahal izango dute ekainaren amaierara arte: pintura erakusketak izango dira lau, eta beste biek bestelako arte adierazpenak erakutsiko dituzte.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bultzatutako ekimena da Expodistrito, eta helburuen artean dituena hiriko arte adierazpenak dezentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea, baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak lekuz aldatzen joango dira, eta erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, www.bilbao.net webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.
Antolatzaileek adierazi dutenez, urteko bigarren hiruhilekoan, lau pintura erakusketa izango dira udal instalazioetan, Sol Mateos, Dolo Marina eta Edurne Rivas artistenak eta AmiArte elkarteko 19 kiderenak, hain zuzen.
Bestalde, Aranzazu Zabaloren «Paisaiak eta konposizioak lore prentsatuekin» eta Bilboko udaltegien tailerretan parte hartu duten ikasleen «Kultur tailerrak» erakusketak ere eskainiko dira Expodistrito zikloaren baitan. Azken honek 2009-2010 ikasturtean Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilboko udaltegietan antolatu dituen arte plastiko, eskulangintza, arte aplikatu eta ikus-entzunezkoen tailerretan parte hartu duten ikasleen lanen aukeraketa eskaintzen digu. Bilboko Arte Berreginen Museoan maiatzaren 4tik 16ra bitartean egingo den erakusketa nagusian, eta barruti hauetako udaltegietan egingo diren erakusketa partzialetan ikusi ahal izango dira aipatu lanak.
Neskak margolari
Pintura erakusketei dagokienez, AmiArte elkarteko kideek hogei lan inguru erakutsiko dituzte, eta bertan agertzen zaizkigun ikuspegiek eta kulturek hiriarekiko emozioa adieraziko dute.
Sol Mateosek «errealitatea eta fikzioa nahasten ditu ikusleekin mintzo den» bere erakusketan. Margoak apirilaren 23ra arte izango dira ikusgai, San Frantziskoko udaltegian aurrena.
Dolo Marinak «naturak eskaintzen dion bizinahia agertu nahi du bere koadroen bitartez, formak ahaztu eta kolorean zentratuta». San Inazioko udaltegia izango da erakusketa hau jasoko duen lehenengoa, apirilaren 30era arte.
Edurne Rivasek bere aldetik, «Waiting in a queue», ohol gaineko grafitoan egindako marrazkiz osaturiko lana aurkezten du, eta bertako irudietan pertsonak ikusten dira ilara bakarrean. Bizitzaren ilaran. Lan hau Barrainkuako udaltegian ikusiko da lehenengo, apirilaren 6tik 30era bitartean.
Aranzazu Zabaloren «Paisaiak eta konposizioak lore prentsatuekin» izeneko erakusketak aukera emango dio ikusleari bizitzaz eta kolorez beterik dauden eta natura eta itxaropena gogorarazten duten lanetatik ibilbidea egiteko. Castañoseko udaltegiak hartuko du erakusketa hau, apirilaren 6tik 30era bitartean. Ekimen horren barruan, Barrainkuako udaltegiak Bonsai-Penjing «Miniatura-paisaiak sortzeko arte txinatarra» izeneko erakusketa jasoko du maiatzaren 17tik 21era. Erakusketa osatzeko, bonsaiari buruzko hitzaldia antolatu dute maiatzaren 18rako. GARA