GARA > Idatzia > Ekonomia

Sindikatuek deitu greba medio, SNCFko trenetan gorabeherak izango dira

SNCF tren-konpainiako sindikatu nagusiak diren CGT eta Sud-Railek urteko hirugarren greba deialdia egin dute, eta atzo arratsaldetik ondorioak izaten ari da zirkulazioan. Litekeena da heldu den ostiralera arte normaltasunik ez izatea Ipar Euskal Herriko trenen trafikoan.

A.M.

CGT eta Sud-Rail sindikatuek deituriko grebak atzo arratsean hasi zen ondorioak izaten zirkulazioan. Asteburuan zuzendaritzarekin izandako negoziazioen ondotik, UNSA eta CFDT eta CFTC sindikatuek ez dute bat egin urte hasieratik hirugarrena den greba deialdiarekin. 24 orduko lanuztea iragarri dute, baina beste horrenbeste luzatzeko aukerarekin. Hortaz, litekeena da oso, ostiral goizera arte trafikoa ez normaltzea. Nahiz eta gutxieneko zerbitzuak beteko diren, gorabehera handiak izatea espero da.

Ipar Euskal Herriko CGTko ordezkari Alain Duzeten iritziz, egoera salatzeko momentua da: «Merkantzien garraioaren desegitea eta enpresaren haustea helburu bakarrarekin egiten ari da entitate ekonomiko autonomoa, errentagarritasuna».

Grebaren arrazoiak, batez ere, soldatetan, lan-baldintzetan eta merkantzien garraioan egiten ari diren murrizketetan oinarritzen dira. 2010erako, Estatu osoan, 1.400 lanpostu gutxiago aurreikusi ditu SNCFk. Hain zuzen ere, lanpostuei eta soldatei buruzko negoziazioak hasi arte ez dutela amore emango esan dute CGTk eta Sud-Railek.

Zuzendaritzatik, ordea, jarrera hori leporatzen zaie. Izan ere, Guillaume Pepy SNCFko buruak «negoziazioari ekin aurretik greban jartzea» aurpegiratu die.

Lanpostuen %26

Hendaia eta Baionako merkantzien sekzioan CGTko ordezkari Peio Dufauk, bi geltoki horietan oraindik 34 lanpostu kendu behar dituztela ekarri du gogora. Aurreikusia den lanpostu kentze horri, abenduan beste batzuk kentzeko asmoa gehitu behar zaio. Zama garraioari loturiko lanpostuen %26 desagerrarazi nahi du SNCFk urtearen bukaerarako.

cade

Ingurumenaren aldeko CADE kolektiboak greba sostengatu du eta tren zerbitzuen txartzea ekartzen duen erreforma berri honen kontra borrokatzeko deiarekin bat egin du. AHT egitasmoarekin duen lotura nabarmendu du

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo