Waltari-Etxeto Binakako finalerako sailkatu da
Jon LEUNDA
Waltarik eta Etxetok lortu dute Berezkoen Binakako finala jokatzeko txartela, Ibarrolari eta Ducassori 40 eta 21 irabazita. Kubatarrak eta lapurtarrak ligaxkako azkeneko partida zuten, eta datorren astean amaituko den lehen faseko azkeneko jardunaldian gertatzen dena gertatuta ere, beraiek finalean izango dira.
Ibarrolari eta Ducassori oraindik partida bat geratzen zaie lehen fasea amaitzeko, baina orain arteko guztiak galdu egin dituzte, eta jadanik ez dute finalerdiak jokatzeko txartela lortzeko aukerarik.
Sorhuetek eta Ozafrainek, berriz, finalerdietan izateko txartela eskuratu zuten Etxeberriri eta Ezkurrari 40 eta 28 irabazita. Azken hauek ere badute finalerdietan izateko aukera, baina horretarako etzi, Pauen, 20.30etik aurrera, mendean hartu beharko dituzte Bielle eta Harizmendi, bestela azken hauek sailkatuko baitira.