Auto gidari bat hil da Angelun, pasagune batean tren batek harrapatuta
Tren batek auto bat harrapatu zuen atzo Angeluko Brindos auzoan. Goizeko zortzietan gertatu zen ezbeharra eta autoan zihoan gaztea, hogeita bat urteko arrangoiztarra, hil zen talkaren ondorioz. Langak itxita zeuden eta auto gidariaren arinkeriak eragin zuen istripua, antza.
GARA
Angeluko Brindos auzoan dagoen trenbide pasagunean istripua gertatu zen atzo. Goizeko zortziak eta hamar inguru zirela, Hendaia eta Akize arteko bidea egiten duen aldiriko trenak trenbidea zeharkatzen ari zen Clio zuri bat harrapatu zuen. Talka egin eta laurehun metroz arrastaka eraman zuen trenak autoa.
Auto gidaria bertan zendu zen. Arrangoitzeko 21 urteko gaztea da hildakoa. Tren gidariak ez zuen inolako zauririk izan.
Lehen datuek aditzera ematen dutenez, istripua auto gidariaren arinkeria baten ondorio izan da. Izan ere, pasaguneko langak itxita zeuden ezbeharra gertatu zen unean. Lehen ikerketek langak egoera onean daudela erakutsi dute eta suhiltzaileek itxita zeudela ziurtatu dute. Hori dela eta, ikerlariek ondorioztatu dute istripua auto gidariak langak itxita izan arren trenbidea zeharkatu nahi izan zuelako gertatu zela. Baionako polizia judiziala ari da ikerketa lanean.
Angeluko Arrangoitzeko karrikan dagoen tren pasagunean gertatu zen zorigaitza. Brindoseko tren pasaia gisa ezaguna da tokia eta ez dago pasagune arriskutsuen zerrendan.
Garraioa oztopatua
Trenean zihoazen laurogei bidaiariak oso hunkiturik agertu ziren gertatutakoagatik. Istripuaren ondorioz, trenak ezin izan zuen ibilbidea segitu eta bidaiariak autobusez eraman zituzten.
Tren zerbitzua etena izan zen. Atzo arratsaldera arte Hendaia eta Baiona artean ez zen trenik ibili.
Lapurdin hilabeteko tartean gertatutako tankera bereko bigarren ezbeharra izan zen atzokoa. Joan den martxoaren 16an tren baten eta auto baten arteko istripua gertatu zen Mugerren. Kasu horretan ere arriskurik gabeko pasagune batean gertatu zen istripua, auto gidariaren arinkeria baten ondorioz. Istripu horretan ere, atzokoan bezala, langak itxita zeuden unean trenbidea iragaiten saiatu zen auto gidaria eta Mugerreko adineko gizon eta emakume bat izan ziren hildakoak.
Trenak autoa jo eta 400 metroz herrestan eraman zuen. Itxura guztien arabera, gidaria bidea ixten zuten langak saihesten saiatu zen eta une horretan trena pasatu zen.