«Hilketa» delitua leporatu diete Terreblanche buruzagi afrikanerra hil zuten gazteei
Eugene Terreblanche buruzagi afrikaner ultraeskuindarraren hilketan parte hartzeagatik 15 eta 28 urteko bi lagun auzipetu dituela adierazi zuen atzo Hegoafrikako auzitegi batek.
GARA | JOHANNESBURGO
Hegoafrikako epaitegi batek «hilketa» delituagatik auzipetu zituen atzo bi gazte, 15 eta 28 urtekoak, Eugene Terreblanche buruzagi ultraeskuindarraren hilketarekin zerikusia dutela-eta, George Baloi fiskalak adierazi zuenaren arabera.
Auzipetutako bi lagunak Terreblancheren abeletxeko langileak ziren, eta atzo ofizialki egotzi zieten ugazaba hil izana, Ventersdorp hiriko lehen auzialdiko epaitegian, Hegoafrikako ipar-mendebaldean.
Auzi saioa ateak itxita egin zuten, eta bitartean, epaitegiaren kanpoaldean, tentsio une nabarmenak izan ziren. Izan ere, oposizioko alderdi guztiek, EFE agentziak adierazten zuen eran, herrialdeko gobernuari leporatu diote arrazakeria giroa sustatu izana, eta haien ustez, horren ondorioa izan da gertatutakoa.
Epaitegiaren atarian ehunka pertsonak osatutako bi talde bildu ziren. Batean, auzipetuen aldeko beltzak zeuden, eta bestean berriz, Terreblanchen aldeko neonaziak. Polizia tartean sartu zen, bi taldeen artean istiluak sor litezkeelakoan.
Segurtasun indarrek alanbre hesiak zabaldu zituzten kalean, bi taldeak banatzeko eta liskarrik ez gertatzeko.
Zurietako askok Afrikanerren Erresistentzia Mugimenduaren, talde neonaziaren, ikurrak zeramatzaten aldean, eta «babuino» eta gisako irainak bota zizkieten beltzei. Gainera, apartheidaren amaieratik izandako milaka abeltzainen heriotza agintean den Afrikako Kongresu Nazionalari (CNA) leporatzen zioten pankartak erakutsi zituzten.
Beltzetako asko, berriz, akusatuen herrikideak ziren eta haien aldeko oihuak bota zituzten, eta «heroitzat» jo zituzten Terreblanche hiltzeagatik, ideologia arrazista zuela-eta, zurien nagusitasuna defendatzen zuela-eta.
Ventersdorpeko auzitegiaren atarian tentsio giroa nabarmena zen arren, saioa batere istilurik gabe bukatu zen, eta epaileak hilaren 14rako jarri zuen hurrengo agerraldirako hitzordua.
Karguak
Fiskalak azaldu zuenaren arabera, akusatuen aurka aurkeztutako karguak honakoak dira: «hilketa», «bizilekuan legez kontra sartzea», «lapurreta, inguruabar astungarriekin», eta «delitu-objektuaren profanazioa». Biak batera prozesatuko dituztela gaineratu zuen.
Nolanahi ere, tentsioak behera egin du igandetik, gertakaria jazo zen egunetik, alegia. Gertatutakoaren berri zabaldu eta ordu gutxira, AWBk mendeku hartzeko mehatxuak baztertu, eta ziurtatu zuen indarkeria ekintzarik ez dutela egingo.
Oposizioko buruzagiak, Hellen Zille liberalak, elkarrizketa bat eskatu zion Jacob Zuma presidenteari, gertatutakoaz mintzatzeko. Haren ustez, CNAko gazteen buruak, Julios Malemak, zuriei zuzendutako irainak zuzeneko lotura baitute igandean gertatutakoarekin.
Gertakariak izan duen oihartzuna dela-eta, Nathui Mthethwa Polizia ministroak lasaitasun mezua helarazi zien turistei, herrialdean egitekoa den Munduko Futbol Txapelketari begira.
Terreblanche aihotz kolpez josita agertu zen bere abeletxean, eta Poliziak atxilo hartu zituen auzipetutako bi lagunak. Ugazabak lansaria ordaintzen ez zielako hil zutela aitortu zuten auzipetuek.