GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Francisco Santos Bera eta Itziar Madina Elguezabal Gurasoak

Euskal herriak defenda ditzagun

Kapitalari interesatzen zaio etxetik eta herritik egun guziz, aste osoan eta eskola urte guziez hainbeste oren iraganik, haurren herriko bizitzarako gogoaren ttipitzea

Urtero bezala, udaberriko sasoi honetan heldu zaizkigu Ipar Euskal Herrian eskola-kartaren salatzeko mobilizazioen oihartzunak. Hemen irakasle lanpostuak, han klaseak, bestean eskolak ttipitzeko ala zerratzeko xedea du Hezkuntza Akademiak. Honek joanago eta irakaskuntza baldintza txarragoak, irakasleen lan-baldintza hitsagoak... eta beste onartarazi nahi dituela. Baitezpadakotzat daukagu honi guztiari buru egitea.

Alabaina, jasanarazten gaituen globalizazio mundu honek ez baikaitu bakean uztekoak, herri ttipiak iragarritako heriotzara mehatxaturik daude. Mundu mailan, hiritarren kopuruak gainditurik dauka engoitik herritarrena. Kapitalaren planoak betetzen ari dira.

Ipar Euskal Herri honetan, Donostia-Baionako eurohiriak hala erakusten digu: turismo eskaintza, portu, aireportu eta abiadura handiko trenbideak bultzatzen ditu, polo ekonomiko azkarra bilakatuz, eta ondorioz erakargune politiko, kultural eta soziala ere bai. Kapitalak lurraren merkantilizazioa planifikatzen du, bere zatiketa, bere kolonizazio geldi-geldia. Ipar Euskal Herriko barnealdea hondakindegi, herri-lotegi, urbanizatzeko lur-eremu eta aisialdi eta turismo lekutzat dauzka. Guti falta da beraz, Lapurdi «entrekosta», Nafarroa Beherea eta Xiberoa metropoliko periferia bilaka daitezen.

Laborantza estentsiboaren desagertzeak (industrial bihurturik ala segidarik gabe egonik, mendialdean bereziki) sekula baino garrantzitsuago bilakatzen du lurraren eta hari loturiko betiko bizimoldeen defentsaren aldeko borroka. Testuinguru honetan kokatzen dugu herriko eskola ttipien irekirik atxikitzeko beharra. Antzinatik doala ezin baztertuzko kontraesana: Estatuak Ferry famatuarekin sortu zuen instituzioak ez zuen herrien mantentzeko xede izpirik. Kontrakoa baizik. Baiki, eskolak hiritartze eta erdalduntze prozesuak lagundu zituen. Gaur, haatik, gure herri-kulturaren hondarrak salbatzeko helduleku bakarra dela deritzogu.

«Etxaldeko segidarik ezak etxearen hutsa eta laborari-artzainen ekonomia moldea dramatizatzen duen nola, hala eskolaren desagertzeak herriaren heriotza du dramatizatzen». Hola mintzo zen Pierre Bourdieu soziologo jatorriz bearnesa. Ipar Euskal Herriko barnealdean, gelditzen diren eskoladun herri ttipiak desagerrarazi nahi dituzte. Ez bakarrik ekonomia arrazoi hain aipatuengatik, edo arrazoi pedagogikoengatik, baizik eta kapitalari interesatzen zaiolako etxetik eta herritik egun guziz, aste osoan eta eskola urte guziez hainbeste oren iraganik, haurren herriko bizitzarako gogoaren ttipitzea. Herriko eskolak eskain lezakeen lekuko biziari loturiko irakaspen oro errotik moztea. Ondorio baita menditar eta laborari nortasun eta izate berak zalantzan ematea. Denborarekin, haurren eta etxeko nola herriko bizimoldeak bereiz joatea, berdin belaunaldien arteko klaska piztea. Hitz batez, etxaldeen segidaren mailan hola-hola aski kaltetua den laborantzako inguramenean, hondar ukaldia.

Ipar Euskal Herrian gaur, hiru eskola-sailen eskaintza izateak ez du herriko eskolen alde egiten. Alta, herri-kultura biziaraztekotan, zatiketarik ez genuke behar. Izan ere, aditu batzuek diotenez, «etxearen ondoan, praktika sozial berriek erakusten digute herri-komunitatearen izatearen sinbolizatzea oraino posible dela. Jarduera sinboliko horrek oinarritzat dauka lekuko eskolaren defentsa». Herrietan berriki arte, buru egin izan zaio Estatuaren eta hiriaren asimilazio uholdeari. Txepetxek zioenez, asimilazioak «jendea bere talde naturaletik bereizten du, kanpoko izate artifizialaren presiopean jarriz» eta, aldiz, erresistentziak itzultzen dio jendeari «komunitateko kide izatearen zentzua». Julio Soto bertsolari txapeldunaren agurrarekin finituko dugu: «garapenaren aroan sarri/ mespretxatu izan denari/ euskal kultura benetan zer den/ erakutsi didanari/ (...)/ euskal baserritarrari». Euskal herriak desagertzetik defenda ditzagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo