GARA > Idatzia > Euskal Herria

Prostituzioa debekatzen duten udal ordenantzen kontra agertu da Emakunde

Emakunderen arabera, prostituzioa galarazten duten udal ordenantzek ez dituzte kontuan hartzen emakumeen eskubideak, eta fenomeno «konplexua» izanik, ez du begi onez ikusten prostituzioa ordena publikoko edo segurtasun arazo gisara tratatzea.

GARA

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea kale prostituzioa debekatzea xede duten udal ordenantzen kontra agertu zen atzo. Jarduera horretan aritzen diren emakumeei isunak ezarri beharrean, emakume horien bizi kalitatea hobetuko duten neurriei «lehentasuna» eman behar zaiela aldarrikatu zuen Emakundek.

Maria Silvestre zuzendari duen erakundeak ohar batean adierazi zuenez, prostituzioa «fenomeno konplexua» da eta, hortaz, «irtenbide konplexuak» bilatu behar dira. Prostituzioa ezin da tratatu ordena publikoko arazo huts bat balitz bezala eta, Emakundek azaldutakoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udaletxe bide horren bitartez saiatzen ari dira arazoari aurre egiten, udal ordenantzen bitartez, hain zuzen.

Prostituzioa segurtasunari kalte egiten dion arazotzat hartzeak prostituzioa praktikatzen duten emakumeen eskubideen defentsan lan egitea oztopatzen duela uste du Emakundek.

Kaleko prostituzioan diharduten emakumeei isunak ezartzea baino, esku-hartzeko orduan benetako «lehentasuna» da emakume horien oinarrizko eskubideak errespetatzea eta gizarte-bazterkeria jasaten dutenen bizi-kalitatea hobetzea.

Emakumeen eskubideak

Administrazio publikoek orain arte egin dutena prostituzioan diharduten emakumeekin lan egiten duten gizarte eragileak diruz laguntzea izan da. Zentzu horretan, «jauzi kualitatibo» bat eman beharra dagoela uste du Emakundek.

Erakunde publikoen jarduerak «egituratua, koordinatua eta eraginkorra izan behar du», adierazi zuen Emakundek, besteak beste, esku hartze horren «kalitateak eta orekak» epe luzera iraun dezan.

bilbo

Orain astebete, Bilboko Udalak Espazio Publikoen Ordenantza berria onartu zuen, kalean «gizabidezkoak» ez diren sexu jarduerak egitea debekatzen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo