GARA > Idatzia > Kultura

Sariek, promozioek eta ikasleek markatzen dute eskoletan zer irakurri, Idurre Alonsoren arabera

Batxilergoko euskal literaturaren irakaskuntza aztertu du Idurre Alonsok, eta emaitza «Erdigune literarioak irakaskuntzan» liburuan bildu du. Haren esanetan, curriculum legeak jarritako helburuak ez dira betetzen.

p048_f01_148x104.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaiaren gainean egindako bere doktorego tesia «Erdigune literarioak irakaskuntzan» liburuan aurkeztu du Idurre Alonso Amezuak. Jon Kortazar, EHUko Euskal Filologiako katedraduna izan du zuzendari eta Hego Euskal Herriko Batxilergoko ikasleak hartu ditu oinarri. «Ipar Euskal Herrian ikastetxe bakarrean ematen da ikasgaia, eta hortik datu orokorrak ateratzea ez litzateke egokia izango», azaldu zuen Alonsok.

Ikerketa honen arabera, curriculum legeak ezarritako helburuak «hankamotz» gelditzen dira eta «berrikuspen» bat behar dute. Ikaslearen gaitasun literarioak garatzea, euskal literaturaren historia ezagutaraztea eta irakurzaletasuna bultzatzea lirateke hiru helburuak. Baina, tesi honen arabera, «egun ikastetxeetan egiten den euskal literaturaren irakaskuntzak ez du komunikazio gaitasuna garatzen, ezta irakurzaletasuna bultzatzen ere».

«Erdigune-periferia» eztabaida puri-purian dagoela esan zuen Alonsok, «azkenean irakaskuntzan erabakitzen da zer den erreferentea». Orain gutxira arte, liburuak aukeratzerako orduan literatura kritikariek markatutako irizpideei jarraitu izan zaiela azaldu zuen, baina orain «sariek, promozioek eta ikasleen irizpideek markatzen dute zer irakurri».

Bestalde, euskal literaturaren irakaskuntzari dagokionez, ikastetxeetan bi eredu gainjarri direla zehazten du: batetik, literaturaren historia edo «ospetsu bihurtutako idazle eta testuen historia transmititzen duena» eta bestetik, «literaturaren irakaskuntza ikaslearen gaitasun literarioak eta komunikatiboak garatzeko eta irakurketarako zaletasuna sustatzeko aukeratzat duena». Bi eredu hauek direla-eta, «ez ikasleek, ez irakasleek ez dakite argi zer eta nola ikasi behar den, eta, batez ere, ez dago argi zer helburu lortu behar diren. Horrenbestez, irakasle eta ikastetxe bakoitzak bere gisara antolatzen du irakasgaia».

Atxaga, irakurriena

Literaturaren historian ikasten diren autoreak eta ondoren, ikasleek irakurtzen dituztenak ez datoz bat, tesi honen arabera. Literatura sariketetan narrazioaren alorrean emandakoak dira irakaskuntzan eragin handiena dutenak. «Poesiaren kritika sariak apenas du oihartzunik ikastetxeetan, eta berdin gertatzen da poesia, saiakera eta antzerkiko Euskadi sariekin ere», azaltzen du liburuak. Narrazioaren Kritikaren saria lau aldiz irabazi duen Bernardo Atxaga da irakurgaietan presentzia gehien duena.

Hala, Estatu espainoleko Narratiba sariaren eragina ere aztertzen du, nahiz eta hiru euskal liburu baino ez izan sari hori jaso dutenak. «Jakin badakigun arren hedabideetan oihartzun handia duela sari horrek, ez daukagu ondorioak ateratzeko beste datu. Dena dela, esan daiteke sari honek Atxaga eta Elorriagari ziurtatu egin diela ikasleen artean ezagutaraztea. Bestalde, interesgarria izango da gertutik jarraitzea sari hau jaso berri duen Kirmen Uriberen oihartzuna irakaskuntza sisteman».

Alonsok ondorioztatu duenez, «literatura epaitzeko baliatzen diren irizpideak aldatu egiten dira denboraren joanean, eta horrek (nahiz periferien eta erdiguneen indar harremanek) eragiten du literatura garatuz, aldatuz joatea. Hala, idazle bakoitza -unean uneko botere sinbolikoaren arabera- erdigunean edo periferian kokatuko da».

Fitxa

Izenburua: «Erdigune literarioak irakaskuntzan».

Egilea: Idurre Alonso Amezua.

Argitaletxea: EHU.

Orrialde kopurua: 132.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo