GARA > Idatzia > Kultura

Dick Dale rock & roll aitzindariak Donostiako olatuak hartuko ditu bere surf gitarra bizkorrarekin

«Surf gitarraren erregea» dugu Dick Dale, rock & roll liburuetan. Eta Fender gitarra Donostiako Doka aretoan dardaraziko du gaur, egun hirurogeita hamar urtetik gora dituen gitarra jotzaile trebeak.

p050_f01_97x108.jpg

A. BILBAO | BILBO

Leo Fender gitarra egilearen lagun, Fender Stratocaster tresna jotzen aurrenekoetariko musikaria izan genuen Dale, soinu berri bat sortuz, 50eko hamarkadaren hondarretan.

Dick Dale 1937ko maiatzaren 4an jaio zen Boston hirian (AEBak). 73 urte betetzear da, beraz, 1962an «Surfers´ Choice» lanarekin debuta egin eta hurrengo urtean, Capitol etxe sonatuan «King of the Surf Guitar» lana plazaratuta, izenordea bereganatu zuen gizona.

Aipatu dugun lan bizkorraz gain -rock & roll zaleontzat ezinbestekoa-, Tarantinok «Pulp Fiction» filmean erabili zuen «Miserlou» kantuagatik da, batez ere, ezaguna Dick Dale ikus-entzuleria zabalarentzat. Ez da zinemarako gitarra jotzaileak egin duen lan bakarra baina, aurretik Marilyn Monroek parte hartzen duen «Let´s Make Love» edo Kurt Russel antzezle nagusi duen «Escape from L. A.» filmetan ere bere musika jarri baitu.

Diskoei dagokienez, 60ko hamarkadaren erdialdetik 80ko hamarkadara isilpean gorde eta gero, berriro errepidean den musikariak «Spacial Disorientation» (Dick Dale Records) du azken lana, 2001ekoa.

Gaur Dale aitonak Donostiako Doka aretoan joko du 21.30ean hasita (ateak 20.30ean irekiko dira), eta sarrerak salgai dira oraindik, 22/25 euroren truke (www.ticketmaster.es web atarian).

The Muggs

Eta Donostiako rock proposamenari erantzunez, The Muggs taldea izango dugu Bilbon. Munduko talderik itsusiena, beraien esanetan, eta 70ko hamarkadako blues rock doinuak jotzen dituzte, zuzeneko bortitz eta zirraragarrietan.

Detroiteko hirukotea Danny Methric (The Paybacks), Tony DeNardo eta Matt Rost musikariek osatzen dute. Kontzertua Azkena aretoan izango da 20.00etan, 12/15 euroren truke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo