GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Biktimak eskoletara

Celaa andreak esan berri du inork ez diola ezetzik esan ETAren biktimak eskoletara joateko proposamenari. Batetik, ez da egia. Bestetik, eskola guztiak ados baleude ere, horrek ez du egoki egiten proposamena. Celaak honakoa dio: «Ikasleen hezkuntza emozionala axola zaigu, eta beren heziketa linguistikoa, zientifikoa eta teknologikoa balore demokratikoetan oinarrituta egon dadin nahi dugu».

Ikuspegi askotatik begiratuta okerra da Jaurlaritzak hartu duen bidea. Batetik, lausoak direlako erabiltzen dituen kontzeptuak. Biktima ez da bere burua «biktima» izendatzen duena; ez da kontzeptu adierabakarra. Osagai subjektiboa dago biktimizazioan, gertaerak nola barneratzen diren, zein den pertzepzioa.

Bestetik, osagai politikoa ere badago biktima kalifikatzean. Biktima baldin bada, injustizia pairatzen duena, aurretik adostu beharko dugu zer den injustizia, eta onartu boterea injustua den heinean, biktimak sorraraz ditzakeela. Halere, akats larriena ezertxo ere egin ez dutenak eskolara irakaspenak ematera eramatea da. Oinazearen testigantza ez da eraikitzailea. «Vidas ejemplares» irakurrarazten ziguten txikitan, eta gustura irakurtzen genuen. Proiektuak zeuden bertan, ilusioak, asmo zoroak, utopiak. Ekintzaile haien bizitzak ezagututa, gehiago jakiteko gogoa erakusten ziguten, eragozpenak gainditzeko grina.

Biktimok, ordea, zer egin dute? Gazteak baloretan hezi nahi badituzte, eraman ditzatela gatazkaren konponbidean dihardutenak, arazoari aurre egiteko ideiak dituztenak, eta ez gatazkaren ondorio tamalgarriak. Bestela, mezua pasibotasuna da, edo are okerragoa, mendekua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo