GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Artzain Eguna

Mendirako bidea hartu zuten ardien marraka eta dunba hotsez bete zen Ordizia

Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, artaldeen paseak, bildots pintxoek, gaztak, eta orokorrean, jai giroak erakarrita jendetza izan zen atzo Ordiziako kaleetan. Hain juxtu ere, urteroko ohiturari eutsiz, Artzain Eguna ospatu zuten Goierrin. Artzaintza Euskal Herrian galtzear den lanbidea dela esateak gezurra dirudi atzoko eguna ikusita.

p016_f0151879.jpg

Janire ARRONDO

Zirimiriak giroa kaskartzeko saiakera egin bazuen ere, udaberriko festa handia giro paregabean ospatu zuten atzo Ordizian. Egunak euri lardatsarekin eta 10 gradu inguruko tenperaturarekin argitu zuen, baina, horrek ez zuen jendea izutu. Asteazkeneroko azoka, festa erraldoi bihurtu zen; protagonista nagusiak, berriz, artzainak, artaldeak eta gazta izan ziren.

Atzo, XVI. Artzain Eguna ospatu zuten Goierriko herri honetan. Hutsik egin ezineko zita artzain, baserritar eta inguruko bizilagunentzat. Kaleetan dozenaka postu jarri zituzten, herriko Plaza Nagusian izaten diren ohiko barazki eta fruituez gain, gazta eta bestelako jakiak saltzen zituzten postuak ere baziren inguruko kaleetan, baita artisau produktudunak ere. Goiz osoan zehar gainera, kaleak girotuz trikitilariak zein txistulari bandak ibili ziren.

Egitarau ofizialari hasiera goizeko bederatziak aldera eman bazioten ere, bazen Ordiziara lehenagotik hurbildu zenik ere. Euren ardi eta aharirik hoberenak ¯latxa arrazakoak, hori bai¯ hartuta, Garagartza plazan elkartu ziren artzain eta baserritarren artean bazen goizeko seietarako bertaratu zenik. Han lehiaketaz gain, goizean esne-bildotsak jarri zituzten burruntzian erretzen, ondoren eguerdi partean jendearen artean banatzeko.

Artaldeak kaleetan barrena

Ordizian izan ziren ehunka langunek baina, bazekiten zertara joan ziren bertara. Ezbairik gabe, goiz erdian Alde Zaharreko kaleetan artaldeen paseak erakarri zuen bisitarien arreta bereziki. Oraindik Euskal Herriko nekazari herri txiki ugaritan ikusten den irudia bada ere, Ordizia bezalako herrietan, eszena ohiz kanpokoa eta ikusgarria suertatzen da.

Negua amaitu ostean etxe inguruko larreetatik mendiko goi larreetara artaldeekin artzainek egiten duten bidea irudikatu zuten horrela. Auto artean bidea eginda, ohiko klaxonek ardi eta aharien dunba eta marraka hotsei egin zieten lekua; bai behintzat lau artaldetan hainbat artzainen begiradapean zihoazen 2.400 ardi inguruk herriko kaleak zeharkatu bitartean. Gaur egun ardiak eramateko modua aldatu bada ere, uda honetan Goierriko milaka ardik beteko dituzte, besteak beste, Aralar eta Urbia inguruko larreak.

Hemendik eta uda igaro bitartean, beraz, mendian emango dituzte datozen hilabeteak artzainek. Han artaldeak gertutik zaindu beharko badituzte ere, atsedenerako beta ere izango dute, ardiek ez baitiete etxean adinako lanik emango. Gaztarik onenak ere, goi larretan jetzitako esnearekin egiten direla esaten dute; beraz, agian oraindik urteko gaztarik onena egiteke izango dute. Dena dela, neguan egindako ketu eta ketu gabeko gaztak ontzen hasiak dira, eta kasuak kasu, gustuen arabera gehiago edo gutxiago itxaron beharko den arren, dagoeneko mahairako bidean dira.

Gaztaren denboraldi berria

Udaberriaren hasierarekin batera, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztaren denboraldiari hasiera eman zioten atzo Ordizian. D'elikatuz zentroan egin zuten hasiera ekitaldia eta, aurten, Irungo Ficobako Iñigo Lavado sukaldaria izan zen gazta berria mozteko ardura izan zuena. Kazetarien eta bertara inguratutakoen begiradapean gazta moztu eta dastatu orduko, «paregabea» zela aitortu zuen. Idiazabal gazta berriak, «bi hilabete izateko», zapore «nabarmena» zuela esan zuen Irungo sukaldariak.

«Usainarengatik soilik gaztaren nortasuna agerian geratzen da, eta gaurtik aurrera, gaztari darion usain gozoa Goierriko udaberria bezala gogoratuko dut», esan zuen Iñigo Lavadok gazta eskuan zuela.

Jose Mari Ustarroz Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren Elkarteko lehendakariak, berriz, artzaintzaren egoerak, «osasuntsua» izateaz gain, «geroa ziurtatua» duela azaldu zuen. Iazko denboraldian, hain zuzen ere, 35 urtez azpiko artzainek gidatutako sei gaztandegi berriri eman zioten Jatorrizko Izendapenaren zigilua. Guztira, beraz, 117 dira Idiazabal gazta egiten duten gaztandegiak; horietatik 27 Araban daude, 15 Bizkaian, 50 Gipuzkoan eta 25 Nafarroan.

2009an «meteorologia baldintza kaskarrak» izan arren, guztira 1.387.936 kilo gazta ekoiztu ziren, aurreko urtean baino 84.000 gehiago eta 2007an baino 33.000 gehiago. Horrela, 2008an izan zen ekoizpen beherakada hura gainditutzat eman zuten elkartekoek.

Bestelako hainbat sari banatzeko parada ere hartu zuten eguerdi partean. Tartean, Euskal Gastronomia Kofradiako Jose Luis Mokoroari omenalditxoa eskaini zioten. Hark Lavadok mozturiko gazta probatu eta kata egin zuen. «Gazta oraindik gaztea da, baina ona. Gatzagi ukitua du eta gatza ere neurri orekatuan du». Aurrera begira gazta nola onduko den galdetuta, hori «misterioa» izango zela esan zuen, baina, «etorkizun ona» izango duela ziur zen. Eskuetan zuen gazta zatiari begiratuz, berriz, hala esan zuen brometan: «Hau ez da hemendik aterako».

Artzainen lana eta gaztandegien «erregulartasuna» eta «kalitatea» goratzeko sariak ere banatu zituzten Ordizian. Sarituak nortzuk izango ziren jakina bazen ere, atzo izan zuten jendaurreko onespena Sunbillako Luis Vicente Larrartek, bere gaztandegiko ekoizpenaren kalitateagatik, eta Arakilgo Javier Ezkurrak «artzain ekoizle» onenagatik.

Ikustekoak eta dastatzekoak

Ekitaldi horiez gain, kalean artzaintza munduari loturiko beste hainbat ekitaldi izan ziren ikusgai atzoko Artzain Egunean. Garagartza plazan behintzat, izan zen erakusketa, lehiaketa eta dastatze-lekurik. Bertan, goizean goizetik burruntzian labeldun 32 bildots erre zituzten. Ikusmina piztu zuen askoren artean horrenbeste buru batera burruntzian ikusteak. Handik 1.000 pintxo inguru atera zituzten eta, basokada ardoz lagundurik, arrapaladan amaitu ziren. Haragi usaina hartuta, gose zen, nonbait, jendea.

Sabela betetzeko aukeraz gain, zer ikusi ere izan zen. Plaza berean, gazta nola egiten den erakusten aritu ziren hainbat artzain. Inguratu zirenen artean, gaztetxoak ziren gehienak, eta euren eskuak esne-mamitan sartu eta gaztari forma ematen ausartu zirenak ere etxeko txikienak izan ziren.

Jai egun honetan urterokoa den gisan, ile-mozketa erakustaldia egin zuten Garagartza plazan. Makinaz, era berrian, aritu ziren batzuk. Ardia lotu gabe mozten zieten ilea, ardia eserarazita eta hanketatik helduta. Besteak, berriz, «betiko moduan» aritu ziren eskuko artaziekin. Edonola ere, egun, ardi latxaren ileak ez du baliorik merkatuan, eta artzainei ez die inolako irabazirik ematen saltzeak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo