GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Festara bideraturik diren kantu entzunerraz eta sinpleak dira gureak»

p044_f01_199x128.jpg

Julen Valderrama eta Iñaki Vierbu

Ze Esatek! taldeko gitarra-jotzaileak

Haize ufada fresko bat bezala iritsi da Ze Esatek! taldea Euskal Herriko musika eszenara. Abentura ezberdinetan aritutako hamar musikarik bat egin, eta, festa, parranda, eta aldarrikapena uztartzen duen talde «patxangeroa» sortu dute. Lehen diskoa kalean –Baga Biga zigilu bizkaitarrean–, ugariak dira taldeak hitzartuak dituen zuzenekoak.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Agertoki gainean hamar lagun batzen dituen musika talde batek ezinbestean izan behar du musikaz gozatzeko helburua bere lehentasunen artean. Gainera, jorratzen duten musika era patxangara edo dantzarako doinuetara bideratuta badago, are gehiago.

«Ze Esatek!» esamoldearen azpian, 2008ko abenduan sorturiko talde gaztea topatuko dugu, eta taldekideen artean, The Txortains, Harlax, Skunk, Trikizio edota Nuke bezalako abentura ezberdinetan aritutako musikariak ezkutatzen dira. Pasa den urtean agertoki gainean landutako hamahiru kantu hartu, eta diskoa grabatu dute Baga-Biga Musika Ideiak diskoetxearen zigilupean. Kantu horiek, eta beste zenbait bertsio astebururo entzuten dira Euskal Herriko plazetan. Hurrengo ostegunean Gasteizko Gaztetxean joko dute, apirilaren 16an Tolosako Bonberenean eta apirilaren 30ean, Atarrabian izango den jaialdi erraldoian.

Abiadura biziko jarduera izan da zuena. 2008ko azkenetan elkartu, eta dagoeneko 60 emanaldi baino gehiago egin dituzue, eta lehen diskoa ere kalean duzue.

2008ko abenduan elkartu ginen lehenengoz, jolas bezala hartuta, eta hilabeteren buruan kontzertuak ematen ari ginen. Oso azkar joan da dena. Bost kantu propio sortu, eta bertsio pare batekin kontzertuak ematen hasi ginen. Gerora, «Miren Azkarate» kantua grabatu genuen bitxikeria bezala, eta bolbora bezala zabaldu zen Internet sarean. Horrek, taldearen izena zabaltzeko balio izan zuen, eta orain hemen gaude lehen diskoa eskuetan.

Non dago zuen arrakastaren sekretua?

Gure asmoa zuzenekoetako talde bat izatea da. Taula gainean eta azpian ondo pasatzeko helburua dugu guk, eta horretarako, festara bideratu dugu musika proposamena. Gure kantuek ez dute sekretu askorik. `Do-fa-sol' estruktura jarraitzen dute nagusiki. Oso sinpleak dira jatorrian, nahiz eta gero musikari bakoitzak ñabardurak eta konponketak sartu. Konplikazio askorik gabeko kantuak dira, lehen entzunaldian sartzen diren horietakoak. Zuzeneko transmisioa da gure helburuetako bat, eta horrek, batzuetan arlo teknikoan amore ematea eskatzen du, betiere zuzeneko ikuskizunaren mesedetan.

Taldearen arrakastaren zati txiki batek baditu bi izen propio behintzat: Kepa Junkera eta Miren Azkarate.

Parranda batean atera zen kantu horren hitza, eta musika jarri genionean berehala jakin genuen zeresana emango zuela. Grabaketa xume bat egin genuen arrats batean, lagunen artean banatu eta izugarri zabaldu zen tarte laburrean. Gerora etorri zena, inoiz ez genuen esperoko. Sarean ez ezik, irrati dezentetan ere jarri zuten kantu hori.

Jorratzen duzuen musika erak ere lagunduko zuen entzuleria zabal batera iristen.

Azken boladan erritmo ilunak nagusitu dira gurean, eta uste dugu jende asko festarako musika eskatzen ari dela garrasika: Musikarekin ondo pasa eta dantza egiteko aukera berri bat izatea. Talde berri eta gaztea da gurea eta agian freskotasuna ekarri dugu agertoki gainera. Gure hitzetan festa eta algara nagusitzen dira, baina eguneroko arazoak ez ditugu ahazten. Hemen bizi gara, bertako arazoek eragiten digute, eta gure abestietan islatzen dira. Alta, saiatzen gara egoera ilunak akorde baikorrez borrokatzen.

«Ikusleria da taldea aurrera bultzatzen duena»

Hurrengo erronka «Gauaren erregina» kantaren bideoklipa grabatzea duzue, eta zentzu horretan entzuleen parte-hartzea eskatzen ari zarete.

Hala da. Guretzako garrantzitsua da ikusleriarekin harremana mantentzea, hauek baitira taldea aurrera bultzatzen dutenak. Bideoklipa egiteko «Gaueko erregina» kantua hautatu dugu abesti alaia eta dibertigarria delako, parte-hartzea bultzatu dezakeen horietakoa. Kantu hori hartu, eta play-back moduan norberaren etxean bideo bat grabatzeko eskatzen dugu. Guk, jasotako bideo guztiak batu, eta collage moduko bat osatuko dugu, bideoklipa osatuz.

Jolas bat bezala sortu zen Ze Esatek! Egun, epe luzerako taldea dela esan daiteke?

Gaur egungo gure lehentasuna da Ze Esatek!. Taldekide gehienak beste abentura batzuetan aritu gara, baina egun Xabi (Trikizio) eta Frank (Mikel Hats) dira talde paraleloa duten bakarrak. Ondo pasatzen dugun bitartean iraungo du Ze Esatek! taldeak. Aurrera begira ditugun asmoen artean, kontzertu birak, kantu berriak eta disko gehiago argitaratzea daude, beraz, epe luzerako izango gara hemen. K. O.

transmisioa

«Helburua musika transmisioa da, eta batzuetan, arlo teknikoan amore eman beharra dago agertoki gainean, ikuskizunaren mesedetan»

DANtzA eta FESTa

«Azken boladan erritmo ilunak nagusitu dira gurean, alta, uste dugu jende asko festarako musika eskatzen ari dela garrasika»

Fitxa

Data: Apirilak 15, osteguna.

Lekua: Gaztetxea (Gasteiz).

Ordua: 22.00etan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo