GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Orri zuri bat baino gehiago

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea

Kazetaritza utzi ostean, hobeto ordaindutako ipuinak idazten hasi zen zinemarako Billy Wilder. Gidoigile ona izatea, ordea, ez da hain erraza. Orrialde zuriaren aurreko bakardadean ito egiten baitzen. Leihotik so egiten zien errepidea tarteka urratzen zuten taxiei, eta hamargarrena zenbatu ondoren idazten hasiko zela promes egiten zion bere buruari. Alferrik, ordea. Ideia onik ez denean, papera zuri uztea da egokiena usu. Zutabegileok, baina, ezin dugu sekula halakorik egin. Hala, denboraren diktadurak egunerokotasunik arruntenean lokazten ditu gure iruzkin iragankorrak. Ezinbestean.

Kazetaritzan ez bezala, gidoigintzan ideia onak gara daitezen zain egon gintezke apurtxo bat gehiago. Ondo baino hobeto zekien hori Wilderrek berak. Ideia onak alferrik galtzen uztea baino, euren kasara haz zitezela zela egokiena uste baitzuen. «The Apartment» (1960) filma da horren erakusgarri. David Lean zinemagilearen «Brief Encounter» (1946) ikusi zuenean, hain justu, bere filmik onena egiteko ideia aurkitu zuen Wilderrek. Leanen maisulanak emakume ezkondu eta gizon baten arteko ezinezko maitasun istorioa ardatz duen arren, beste kontu batek bereganatu zuen bere arreta. Gizonaren lagun baten pisuan elkar ikusten zuen bikoteak intimitatean. Hasiera-hasieratik, morroi interesgarria iruditu zitzaion etxebizitzaren jabea, eta urte luzez izan zuen ideia hura buruan jira eta bira. Gaia eta pertsonaia zituen. Baina besterik ez. Urte batzuk geroago idatzi zuen gidoia, I. A. L. Diamond fina lagun. Aseguru konpainia erraldoi bateko langile gris baten nondik norakoak dakartza Wilderrek filmean. Ezkongabe bakartia da Bud Baxter. Nagusiei etxeko giltza uzten die, maitaleak bertara eraman ditzaten. Gauean, oheratzen denean, izara artean izan berri diren amoranteek utzitako beroa sentitzen du bere bakardadean Baxterrek. Pertsonaia txiki bati buruzko film txikia dirudi «The Apartment» (1960) sentiberak, zinez. Baina askoz gehiago da. Kritika soziala, maitasun ezinezkoa nahiz giza samurtasuna ere fintasunez uztartzen dituen komedia gazi-gozoa. Film handia, finean. Izan ere, maitasuna eta borondatea salgai dauden gizarte garaikide makur honetan ere itxaropenik badela erakusten du. Alegia, bihotza aterpe har dezakegula oraindik.

Zutabe honetan ez duzue ideia onik aurkituko. Ideiak bildu eta erein daitezkeela ikas dezakezue, ostera. Edo, beharbada, «The Apartment» maisulana ezagutu eta dasta dezakezue estreinakoz. Eta, hori, lagunok, orri zuri bat baino zerbait gehiago bada, behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo