GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Urrats txiki bat lehengo norabidean

Atzo Pragan Errusiako presidente Dmitri Medvedevek eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente Barack Obamak sinatu zuten akordioa «historikotzat» jo dute. Arma nuklearren erabilera mugatze aldera beste pauso bat den heinean, ezin uka positiboa dela; halere, gehiegizkoa dirudi historikotzat jotzea, murriztuko dituzten armak hedatutako ogibak baitira, erabiltzeko prest daudenak, hain zuzen, eta akordioak ez baitu horiek deuseztatzeko konpromisorik jasotzen, 1991n bi herrialdeek sinatu zutenak ez bezala.

Errusiarentzat akordioa ez da zorrotzegia; gainera, badaezpada lehendik argi ez bazegoen ere, Medvedevek esan zuenez, AEBen misilen kontrako defentsa proiektuak aurrera egingo balu, akordioa ez litzateke bideragarria izango. AEBetako presidenteari dagokionez, berriz, aldaketaren aldeko irudia indartu egingo bide dio atzoko sinatzeak. Izan ere, elkarrizketa lehenetsita, George W. Bushekiko aldea nabarmendu da, itxuraz behinik behin. Halere, ezin da ahaztu Obamak jokatzeko tarte murritza duela, akordioa AEBetako Senatuaren bi herenek berretsi behar baitute, demokratek osatzen ez duten kopuruak, alegia. Nolanahi ere, atzo Errusiak eta AEBek euren arteko harreman ona antzeztu zuten eta hori ez da horren ohikoa. Horrek, alabaina, ez du esan nahi beren lehia geopolitikoak alde batera utzi dituztenik, ezta hurrik eman ere. Urrunera gabe, Kirgizistango egoera horren erakusgarri da.

Atzo izenpetutako akordioak badu alde positiboa, arma nuklearren erabilera mugatuko duenez gero; hala ere, esan bezala, ez da handiesteko modukoa. Bestetik, Obamak eta Medvedevek Iran zigortzeko konpromisoa berretsi zuten -estatubatuar presidenteak «zigor sendo eta gogorrak» iragarri zituen udaberri honetarako-, herrialde haren programa nuklearra dela-eta, Israel, India eta Pakistan aipatu ere egin gabe; besteak beste, nazioarteko harremanei dagokienez, herrialde boteretsuenen artean nagusi den hipokrisiaren erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo