GARA > Idatzia > Ekonomia

Hendaiako geltokiko merkantzia zuzendaria atxiki dute langileek

Atzo arratsaldean Hendaiako eta Baionako geltokietako langileek Hendaiako merkantzia-garraio zuzendaritzaren egoitza okupatu zuten. Une horretan Cathy Barrenetche zuzendaria ez zegoen bertan, baina iritsi zenean langileek beraiek prestatu mozioa sinatu arte ez ziotela eraikinetik ateratzen utziko erran zioten. Mozio horren bidez kaleratze gehiagorik izan ez dadin eskatu dute langileek. Bi egun daramatzate greban eta aurrera jarraitzea deliberatu dute.

p018_f01_199x116.jpg

Idoia ERASO | HENDAIA

Hendaiako eta Baionako geltokietako ehun bat langilek Hendaiako merkantzia-garraio zerbitzuko zuzendaritzaren egoitza okupatu zuten atzo. Cathy Barrenetche zuzendariarekin hitz egin nahi zuten, baina bertan atzeman ez zutenez, langileek Bordeleko zuzendaritzara deitu zuten eta Barrenetcheri bertaratu zedin eskatu zioten.

Zuzendaria geltokira ailegatu zenean, langileek prestatu mozioa sinatu arte ez zirela bertatik aterako erran zioten Barrenetcheri eta zuzendaritzako gainerako kideei. Gaua bertan pasatzeko prest zirela agertu zuten.

Mozioak hiru eskaera agertzen ditu. Lehenean, hilabete honetan kaleratuko dituzten 34 pertsonez gain, 2010ean langile gehiago kaleratu ez ditzaten eskatzen da. Bigarren atalean, tren gidarien prestakuntza eta soldata txikitzeko prestatzen ari den proiektua gelditzeko eskatzen dute. Hirugarrenean, Estatu frantsesak X Rail proiektuan -Europa mailan garatzen ari dena- berriz parte har dezan eskatzen da. Izan ere, merkantzia garraioaren garapena aztertzeko egitasmo komuna da X Rail eta Estatu frantsesa duela hiru urte kanpoan gelditu zen.

Baionako eta Hendaiako langileak hiru aste daramatzate enpresako buruekin hitz egin nahian, baina ez dute erantzunik jaso. Atzoko hitzordurako Bordelera ere igorri zuten gomita, baina ez zen inor bertaratu.

Protesta indartzen ari dela nabarmendu zuen zama garraio arloko CGTko ordezkari Peio Dufauk. Hendaiako zuzendaritza okupatua zegoen bitartean, Parisen SNCFren zuzendaritza okupatzen ari zirela jakin zuten langileek. «Jendea unatua eta gorrotoz betea da. Orain arte ez dugu horrelakorik egin».

Zama garraioko langileak nagusi baldin baziren ere, mobilizazio honetan beste zerbitzuetako langileak ere izan zituzten lagun. Izan ere, SNCF barnean gertatzen ari den liberalizazioan merkantzien zerbitzua izan da lehena, baina ibilbide luzeko eta aldiriko trenen (TER) zerbitzuetara zabaltzen ari den eredua da, eta hori ikusita protestekin bat egin dute beste zerbitzuetako langileek.

«Merkantzien zerbitzuan egin dutena gero besteetan ezarriko dutena probatzeko laborategia besterik ez da. Trenbideak liberalizatzen ari dira», azaldu zuen Geronimo Prieto langileak.

Gizartearen alde

«Nabarmendu nahi dut ez garela publikoaren kontra ari, gure enpresaren barnean gertatzen ari dena oso larria da, baita publikoarentzat ere: zerbitzu publikoa desegiten ari dira», adierazi zuen Dufauk.

Errentagarritasunaren araberako erabakiak hartzen dituen SNCFren eredu berrian zerbitzu publikoaren kontzeptua desagertu eginen da. «Biztanleek jakin behar dute errentagarriak diren tokietan bakarrik izanen direla trenak».

parisen

Protesta aurrekoak baino indartsuagoa izan da. Parisen SNCFren zuzendaritza okupatu dute. «Jendea unatua eta gorrotoz betea da, orain arte ez dugu horrelakorik egin», erran zuen CGTko Peio Dufauk.

Langile kopurua eta dituzten baldintzak etengabe behera

Hendaiako eta Baionako geltokietan merkantzia-garraio zerbitzuan ziharduten langileen %44 kaleratu dute azken hilabeteetan. «Lehen 260 langile ginen eta orain 150 bat gara, hilabete honetan joanen direnak kontuan hartu gabe», adierazi zuen CGT sindikatuko Peio Dufauk. Hilabete honetan bi geltoki horietan beste 34 langilek galduko dute lana. Aldi berean, estatu mailan urte bukaerarako zama garraio zerbitzuko langileen %26 kaleratzea onartu da. Langileek horren ondorioz ziurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea etengabe murrizten ari direla salatu dute.

Langileen egoera okerrera egiten ari da, bai prestakuntza mailan, baita lekualdatzeei dagokienez ere. SNCFren barnean epe laburrerako lan agentzia moduko bat sortu dela jakinarazi zuten atzo langileek. Lana urri dela-eta lan aski ez duen langileak agentziara jo beharko du eta agentziak aldi baterako lana emanen die langileei, etxetik urrun bada ere. Lapurdiko langileez arduratuko den agentzia Bordelen dago.

SNCFko langileek baldintza bereziak izanik, ezin dituzte kaleratu, baina liberalizazioaren eta lan gutxiago izatearen ondorioz lanpostuak kendu dituzte. Orain langileak beren bizilekutik urrun den kokagunea onartzera behartuak dira, hirugarren proposamena onartu ezean, kaleratu egin ditzaketelako. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo