GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Adierazpenak

«Pentsa zitekeen lekurik onenean»

Samuel Sanchez pozik azaldu zen taldearen lehen garaipena Arraten heldu zelako. Lorpenak oso eskaintza berezia izan zuen.

p026_f03_555x555.jpg

GARA | EIBAR

Astelehenean sailkapen nagusia lehiatzeko borrokari agur esan ostean -denbora asko galdu zuen Putxetako igoeran-, Samuel Sanchezek oso hitz joko polita egin zuen Arrateko helmugan bere garaipena azaltzeko. «Aurreko egunean esaten nuen lekurik txarrenean huts egin nuela, etxean alegia, eta gaur kontrakoa esango dut, taldearen lehen garaipena pentsa zitekeen lekurik onenean iritsi dela, Euskal Herrian bertan eta Arrateko gainean».

Izan ere, Arrateko Ama Birjinaren santutegia ez da edonolako lekua euskal txirrindularitzaren historia oparoan, eta ongi asko daki hori bere kirol ibilbide osoa Euskal Herrian egin duen asturiarrak. «Hemen beti txirrindulari handiek irabazi izan dute, eta irabazleen zerrendan Alberto Contadorren lekukoa hartzea ohore handia da niretzat», gogoratu zuen.

«Azkar hasi gara azpi-azpitik, eta uste baino larriago ikusi ditut Joaquim Rodriguez eta Damiano Cunego, esaterako, eta aurrera jotzea erabaki dut. Horren gertu neukan eta berekin bat egitea lortu dut. Biok bakarrik iritsiko ginela uste nuen, baina Valverde bertan geneukala ikustean berriz jo dut. Ezustean harrapatu dut eta zorionez garaipena eskuratu ahal izan dut», azaldu zuen irabazleak.

Gainera, oso eskaintza berezia egin zuen Samuelek. «Nire lehengusina bati eskaini nahi diot garaipena. Laura izena du eta oso gaixo dago. Baita Alvaro Neil-i ere, munduari buelta ematen dabilelako eta jende askori irribarrea sorrarazten». Ez dakienarentzako, Alvaro Neil abenturazale asturiar bat da eta Mosaw (Miles of Smiles Around the World) proiektuaren barruan, munduari bira eman nahi dio bizikleta gainean, 80 hilabetetan, eta herrialdez herrialde bere pailazo ikuskizuna bertako haurrengana eramanez.

Valverde, umil baina baikor

Eguneko beste garaile handietako bat Alejandro Valverde murtziarra izan zen. Caisse taldeko espainiarrak maillot horia berreskuratu zuen eta aurkari ia denei tarte ona atera zien larunbateko erlojupekoari begira. «Etapa irabaztea beti da interesgarria, baina itzuli honetan bi irabazi ditut jada eta maillota hartzearekin pozik amaitu dut. Erlojupekoa nahiko ongi moldatzen da nire ezaugarrietara, baina aurkariak ere indartsu dabiltzala kontuan izan behar da. Gesink eta Horner ongi daudela ikusi dugu gaur, eta ez da batere erraza izango haiek menderatzea», onartu zuen beti bezain umil eta zentzudun.

Aipagarria, era berean, Beñat Intxaustik etapan zein sailkapen nagusian lortutako bosgarren postua. «Ikusi da oso erritmo gogorrean igo dugula Arrate, eta mendate honek hori dauka, oso malda pikoak ditu. Talde batzuk oso gogor tiratzen hasi dira aurreneko aldapatik eta Andy Schleck ere oso azkar abiatu da maldan gora. Hasieran erritmo apur bat falta izan zait, baina nire martxa hartzea erabaki dut eta ongi atera zait. Azkenean indar pixka bat baneukan oraindik, aurrera jo dut eta Schleck harrapatu eta atzean uztea lortu dut. Egia esan, taldearen helburua bete dugu, egunero erasokor ibili gara eta etapa garaipena ere badaukagu», adierazi zuen podiumerako borrokan sartzeko dituen aukerei garrantzia kendu nahian.

Eta Euskaltelen lan bikaina biribiltzeko, Amets Txurruka aipatu behar. Etxebarriko txirrindulari bizia eguneko ihesaldian sartu zen atzo ere, asteartean bezalaxe, eta horri esker mendiko maillota janztea lortu zuen etapa amaieran: «Etxeko lasterketa izanda, beti motibazio handixeagoa izaten da ihesaldietan sartzeko. Taldeak ere horixe eskatzen zigun eta, beraz, oso pozik. Behin ihesaldian sartuta, mendateetan puntuak biltzen saiatu naiz, lehendik ere puntutxo batzuk baneuzkalako. Etapa lortu dugu, Beñat sailkapen nagusian ongi kokatuta dago, eta nik ahalegina egingo dut mendiko maillotari eusteko».

Ihesaldiari buruz, non Aitor Perez Arrieta zegamarra ere sartu zen, etorkizun handirik ez zuela izango bazekitela onartu zuen: «Bagenekien garaipenaren borroka atzean zegoela, ni ahalik eta urrunen iristen saiatu naiz eta tropela bazetorrela ikusi dudanean apur bat deskantsatu eta taldekideei laguntzen saiatu. Gutxi izan da, baina azkenean etapa lortu dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo