GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Rene Lavand: «Magia bere gezurraren egiaz konbentzitzea da eta ilusioz bizi behar da»

Munduko mago onentzat jotzen dute Rene Lavand argentinarra. Kartekin duen abileziagatik ezaguna, berak aurkeztu zuen atzo irailean ospatuko den aurtengo Magialdia, Gasteizko magia jaialdia.

EFE | MADRID

81 urte ditu eta besamotza da, baina horrek ez dio eragozten munduko mago onenen artean egotea. Rene Lavand ilusionista argentinarraren esanetan, «magiak ez du engainatzea helburu, bere gezurraren egiaz konbentzitzea baizik». Renek zazpi urte zituenetik jorratzen du kartomagia, bere aitaren lagun batek «esku-joko sinple batekin hunkitu eta harritu» zuenetik, azaldu zion EFEri Magialdia aurkezteko egindako agerraldian.

Orduz geroztik, kartak berarekin «hazi» ziren eta pixkanaka «bere bizitzako pasio» bihurtu ziren. Bederatzi urterekin auto istripu batean eskuin besoa galdu ostean, argentinarrak bere magia teknika propioa sortu beharra izan zuen, «lentidigitazioa» deituriko estiloa sortu arte. «Karten ilusioa astiro-astiro eta leun gauzatu, ezinezkoa bere gorenera eramanez eta guztia musika, poesia eta ipuinekin lagunduz», azaldu du estilo horren inguruan.

Teknika horren arrakastak, beste zenbait magoren teknika azkarrari gailendu zitzaionak, banketxe batean zuen lanpostua uztera eta bost kontinenteak zeharkatzera eraman zuen, jotzen dakien instrumentu bakarrarekin, «kartekin».

AEBetan ospe handia lortu zuen eta telebistako izar bilakatu zen «Ed Sullivan Show» edo «The Tonight Show» bezalako saio ezagunekin, Johnny Carsonekin batera.

Ilusioaz kontzientziatu

Erretiroa hartu aurretik, Renek jendea kontzientziatu nahi du, magia ilusio moduan bizi dezan, ez trukua deskubritzeko desafio moduan.

Kartak, biolinaren, gitarraren edo pianoaren moduan, «instrumentu bat» direla uste du, «komunikazio artistikoa» lortzeko, eta «zenbaitek, Juan Tamariz magoaren kasuan adibidez, umorea gehitzen diote».

Renek, lanbide honetan eman dituen 50 urteetan gertatu zaizkion anekdota ugari ditu gogoan, baina beti oroitzen du egun batean, agertokitik, emakume bat emozioz negarrez ikusi zuenekoa.

«Hori ez da magiaren teknika harrigarriarekin bakarrik lortzen, adibidez, poesia baten erromantizismoa gehituz baizik. Garrantzitsua ez da zer egiten den, nola egiten den baino. Magia ilusioa da eta magoak publikoa txunditu behar du ez dezepzionatzeko», azaldu zuen.

Kartarik gabeko bere jokorik ezagunenetakoa «Hiru ogi mamiak» izenekoa da. Hauek behin eta berriz agertzen dira portzelanazko taza batean, Renek mahaitik kanpora jaurti arren.

«Renek sentsazioak estimulatzeko lantzen ditu kartak, emozioak eragiteko eta artelanak sortzeko», adierazi zuen Patxi Viribay Magialdiako bozeramaileak.

Jaialdia datorren irailaren 13tik 19ra ospatuko da. Egun horietan, 70 magia ikuskizunetik gora ikusi ahal izango dira, Arabako hiriburuko 50 agertokitan. Hamar erakusleiho ere izango dira magia ikuskizunaren agertoki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo