GARA > Idatzia > Ekonomia

200 lagun bildu dira Baionan, haurtzaindegien zerbitzuaren kalitateari eusteko exijitzeko

Ainize BUTRON | BAIONA

CGT eta CFDT sindikatuek deiturik, haurtzaindegietako langileek mobilizazio eguna izan zuten berriz atzo Baionan. Berrehun bat lagun elkartu ziren Herriko Etxean, Gobernu frantziarrak haurtzaindegien jardueraren inguruan finkatu duen dekretua bertan behera utz dezan eskatzeko. Dekretu horrek, besteak beste, haurtzaindegi batek har dezakeen gehienezko haur kopurua %20 emendatzen du eta langileek izan beharreko prestakuntza maila ere murrizten du. Josiane Libie Larresoroko haurtzaindegiko langilea honela mintzatu zen: «Haurrak ez dira sardinak, ezin dira denak ber lekuan metatu. Dekretuak langile bakoitzak 7 haurren ardura izango lukeela aipatzen du». Ortzaize, Uztaritze, Hendaia, Urruña, Baiona eta beste hainbat herritako langileak bildu ziren atzo. Herriko Etxean elkartu eta desfilean CAFen egoitzara joan ziren dekretuaren aurka bildu dituzten mila bat izenpe helarazteko. Ondotik, Kontseilu Nagusiko arduradunekin bildu ziren. «Kontseilu nagusiaren zeregina da zerbitzuaren kalitatea ziurtatzea», esan zuen Libiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo