GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Juanfran eta Puñal hamaikakora itzuliko dira, zigorra beteta

GARA | IRUÑEA

Atzo Taxoaren ikusitakoaren arabera, Jose Antonio Camachok nahiko argi dauka zein izango den igandean Zaragozaren aurka erabiliko duen hamaikakoa. Iragan astean Valentziaren etxean erabilitakoaren aldean, zigortuta zeudelako Mestallan jokatzerik izan ez zuten Puñal eta Juanfranen itzulera izango da berrikuntza nagusia.

Gauzak horrela, zelai erdia izango da 3-0 galdu zuen taldearekiko gehien aldatuko den lerroa. Puñal kapitainak Vadocz hungariarraren lekua hartuko du Nekounamen alboan euskarri gisa, eta Juanfranek, aldiz, eskuin hegalean jokatuko du. Aldaketa honek Calleja botako du titularren artetik, Camuñas ezker hegaletik arituko baita.

Gainontzean, Ricardok jarraituko du atean, Azpilikueta, Sergio, Miguel Flaño eta Monreal arituko dira atzealdean, eta Pandiani eta Arandak izango dute gola sartzeko ardura, nahiz eta azkenaldian zorte handirik izan ez duten.

Etxean sendotu

Etxetik kanpo izaten ari diren arazoak kontuan izanda, gorritxoek argi dute Sadarren indartsu aritu behar dutela, Lehen Mailan jarraitzeko arazorik izan ez dezaten. Hala adierazi zuen behintzat Camuñasek.

«Gainerakoek zer egiten duten ahaztu behar dugu. Puntuak ahalik eta azkarren lortu behar ditugu arazorik ez izateko, eta horretarako funtsezkoak izango dira etxean jarraian ditugun hurrengo bi partidak -Zaragoza eta Malagaren aurka-. Biak irabazteko gai bagara, urteko helburua lortu dugula esan genezake», adierazi zuen.

Igandeko aurkariaren inguruan galdetuta, madrildarrak nabarmendu zuen oso kontuan hartzekoa dela. «Neguko merkatuan taldea indartzeko dirurik gehien gastatu duenetako bat izan da eta gauzak nahiko ondo irten zaizkie. Talde oso indartsua daukate eta errespetu handia merezi du egiten ari den bigarren itzuliagatik».

Aurrelaria izanda, Camuñasek ere badu nolabaiteko ardura taldea izaten ari den gol eskasian. «Egia da kosta egiten zaigula aurkarien atea zulatzea. Kezkatzeko moduko zerbait da, baina azkenaldian ate ingurura sarri heltzen garela ikusteak lasaitasuna ematen du eta bolada edozein unetan alda daitekeela badakigu», adierazi zuen aurrelariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo