GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Asmo politikoa» ikusten diote Aramaioko alkatearen kontrako epaiketari

Asteazkenean, Aramaioko alkatea Gasteizen kokatutako Arabako Probintzia Auzitegian epaituko dute AHTri buruzko herri galdeketa egiteagatik. Epaiketaren «asmo politikoa» salatu zuten atzo egindako agerraldian.

Zuriñe ETXEBERRIA | ARAMAIO

«Ez da kasualitatea ez zer-nolako galdeketa den, ez alkatea zein joera politikokoa den ere», salatu zuen Arrasateko alkate Ino Galparsorok atzo Aramaioko alkatearen alde egindako prentsa agerraldian. Bertan Otxandioko alkate Hasier Otxandianok eta Aramaioko udal gobernuko ordezkariek ere hartu zuten parte.

Asteazkenean, 9.30ean, Asier Agirre Mugarza Aramaioko alkateak epaiketa izango du Gasteizen. Arabako Probintzia Auzitegian epaituko dute 2007. urteko irailean Aramaion AHTren inguruko herri galdeketa egin zelako. Agirrek bederatzi urteko inhabilitazio eskaerari egin beharko dio aurre Aramaioko herritarrei ATHren inguruko iritzia eskatzeagatik.

2006ko azaroan, 685 herritarrek eta bailarako zenbait elkartek AHTren gaineko herri galdeketa egitea eskatu zioten Aramaioko Udalari, atzo Ainara Inunziaga zinegotziak gogora ekarri zuenez. Hala ere, Estatuko abokatuaren aginduz, Arabako Probintzia Auzitegiak galdeketa debekatu zuen. Jarraian, 2007ko udal hauteskundeak eta gero, herritarrek eskaera bera egin zuten berriz ere; azkenean, irailaren 28aren eta 30aren bitartean, galdeketa egin zen. Herritarren %56k hartu zuen parte eta horietatik %98 azaldu ziren AHTren aurka. Aldiz, Estatuko abokatuak alkatearen kontra egitea erabaki zuen galdeketa baimentzeagatik eta, hala, Agirreren kontrako prozesua abiatu zuen.

Egoera ikusita, Aramaioko Udalak alkatearen aldeko mozioa eztabaidatu eta onartu zuen, nahiz eta EAJk eta EAk kontra bozkatu. Horrez gain, Euskal Herriko beste 40 bat udaletan eztabaidatu eta onartu dute Asier Agirreri atxikimendua adierazteko mozioa. Ino Galparsoro eta Haritz Otxandiano udal horien ordezkari moduan egon ziren atzoko agerraldian.

Otxandianoren ustez, «ulertezina da» alkate bat herriari hitza emateagatik epaitzea. Hori dela eta, honako aldarrikapena egin zuen: «Demokraziak parte-hartzailea izan behar du».

«Herria bera epaitzen dute»

Atxikimendu mezuak eta herritarren aldetik jaso duen babesa eskertu nahi izan zituen atzokoan Asier Agirrek. «Herria bera epaitzen dute», nabarmendu zuen, herritarrek beraiek ere horrela pentsatzen dutela adierazi diotela azalduz. «Herritarrek eskatu zuten galdeketa eta herritarrek hartu zuten parte», gaineratu zuen.

Asteazkenean, epaiketaren egunean, Gasteizen kokatutako Arabako Probintzia Auzitegiaren aurrean kontzentrazioa egingo dute aramaioarrek 9.00etan. Gaur ere kontzentrazioa izango da Aramaioko kultur etxearen parean, 13.30ean.

Mendi Martxa Iruñerrian

Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta, abiadura handiko trenak Iruñerrian eragingo dituen kalteak ikuskatzeko mendi martxa izan zen atzo goizean Zizur, Arazuri eta Barañain artean. Nafarroak eta Gobernu espainolak sinatu berri duten hitzarmena ere salatu zuten bildutako 40 bat lagunek.

Parte-hartzaileek jakinarazi zutenez, Arazurira iristen ari zirela Guardia Zibilaren kontrol batekin egin zuten topo. Metrailetak eskutan zituzten 15 bat agentek martxan parte hartzen ari ziren lagunak identifikatu zituzten. «Modu txarrean eta izutzeko asmoarekin» motxilak eta guzti miatu zizkietela salatu zuten. Azkenik, hilaren 25ean Arrasate eta Aramaio artean izango den martxa nazionalean parte hartzeko deia egin zuten, baita maiatzaren 8an Zizurren egingo den AHTren kontrako egunera joateko ere.

Atxikimenduak

Aramaioko Udalak EAJ eta EAren kontrako botoekin alkatearen alde onartutako mozioa, Euskal Herriko beste 40 bat udaletan ere onartu dute Asier Agirreri atxikimendua adierazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo