GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Europa XIX-XXI

Kapitalaren Europa. Iluntasunaren Europa. Bi mende luzeren ondoren ere. Injustizia eta desberdintasun sozialen Europa. Klase altuarena. Goi bilerena. Estatu zurrun eta nazio ukatuen Europa. Ilusio, balore eta sentimendu gabea

Aberasgarriak iruditzen zaizkit zine forumak. Zineak errealitate desberdinak islatzeko duen gaitasunari, filmaren osteko solasaldia eta ikuspuntuen elkartrukea gehitzen baitiote. Jende desberdina batzeko aitzakia polita ere badira. Dena bakarrik egitera bultzatzen duen eredu indibidualistaren aurrean. 2009an herriko zine forumean hainbat filmez gozatzeko parada izan nuen, «Daens» filma kasu. Adolf Daens (1839-1907) apaiz belgikarraren lana erakusteaz gain, arlo esanguratsutan orduko Europa eta oraingoaren artean ezberdintasun gutxi existitzen jarraitzen duela jabetzeko aukera ematen duena.

1) Kapitalaren Europa. Merkatu eta ustiapenarena. Bigarren industri iraultzako bizitza eta lan baldintza gogorrak azaltzen ditu filmak, ehungintza sektorearen bidez. Humanismoan oinarrituriko diskurtsoarekin herri babes zabala erdietsi eta diputatu izatera iritsi zen Daens, bidean XIX. mendeko problematikak topatu arren:

-Langileen ustiapena egunerokoa zen, batez ere emakume eta haurrengan. Istripu eta heriotzak ugariak ziren segurtasun neurririk gabeko fabriketan, langileek lo hartzen baitzuten lanaldi luzeen nekearen ondorioz. Egun, langileek lantegietan heriotza ezagutzen segitzen dute eta pertsonak makinak lez ustiatzea doan irteten da. XIX. mendean, Europan burgesia lokalaren eskutik eta bertako herritarrengan; XX. mendean, Hirugarren Mundu deituriko eskulan merkeen paradisuetan irekitako fabriketan; XXI. mendean, paperik gabeko atzerritarrak jasotzen dituzten hemengo ezkutuko lantegietan. Lehen eta orain, pertsonak pertsonek ustiatuak.

-Herritarrekiko mesprezua. Pertsonen eskubideenganako begirune falta ohikoa zen klasetan zatitutako gizartean. Non behekoak ez ziren inor, ez ziren ezer. Egun, ezin esan liteke klaseen egitura gainditua denik. Oraindik gutxiengo baten nahien arabera jokatzea da antza gehiengo zabalaren papera.

-Hauteskunde makilatuak. Irregulartasunak eta kontaketa akatsak topatzea ez zen arraroa. Kasurik txarrenean beti zuten emaitzak txukuntzeko aukera. Hainbat herrialdetan antzeko jokaerak ez dira guztiz desagertu. Herriaren hitzean oinarritutako demokrazia parte-hartzaileak amets soila izaten jarraitzen du...

-Manipulazioa. Jendartearen zati handi bat alfabetatu gabea izateak asko errazten zien jokoa. Egun, alfabetatze maila %100 izanda, lehen bezala manipulatuak gara, ordea. Sektore zehatzen kontrolpeko hedabideek ongi betetzen dute euren egitekoa.

-Poliziaren rola. Orduan ere boterearen eskura; hau gutxiengoaren pribilegioen mantenua eta herri obedientea bezala ulertuta. Protesta txikienaren aurrean poliziaren indarkeria eta inpunitatea. Oraindik uniformedun armatuek gure gizartetan duten boterea sinetsi ezinekoa da...

Honen aurrean, pertsona eta talde desberdinen arteko elkarlan dinamika izan zen Daensen estrategia, sozialista, kristau eta liberalak batzea erdietsiz. Duela bi mende bide hau ulertu eta gauzatzeko gai izan baziren, egun ez luke ezinezko izan behar bestelako herri eta Europa bat aldarrikatzen dugunontzat.

2) Iluntasunaren Europa. Beldur eta mehatxuen Eliza katolikoa. Burgesiaren bazkide leial eta kontserbadorea izaki, Daensen lanak Elizaren jarrera itxiarekin egin zuten talka, gaitzetsia eta apaiz funtzioetatik apartatua izan zelarik. Agintari zein fabrika jabeen delituak moralki zuritu eta babesten zituen Eliza beretik. Herritarren gaineko erabateko autoritatea, kontrola, zuen Eliza. Zigorra eta saminean oinarrituriko mezuen igorlea, izu klima konstante bat sortuz, burgesiarentzat ezinbestekoa zen artaldea osatuz. Eliza estatiko eta alienatzailea; herriaren ondoan egon ordez, honen gainean kokatzen dena. Jesusen izenean, Jesusen hitzak kontrajarriz. Atzerakoi eta bakartua, errealitate zein herritarrengandik aldendua. Injustiziak salatu, zapalduen ondoan lan egin eta kristau baloreen arabera bizi eta hil diren hainbat kristau sinestun, teologo edota apaizak gogor erreprimitzeari uko egin ez diona. Ezin bazter baitaitezke kristautasunaren hainbat balore (berdintasuna, justizia, besteekiko begirunea, maitasuna, barkamena) bestelako errealitate bat diseinatzerako orduan. Jesusek esana da ezin direla Jainkoa eta dirua biak batera gurtu. Elizak bada aspalditik du egina hautua... Noiz utziko dio luxu eta diruaren lagun izateari? Noiz gaindituko ditu hierarkiak? Noiz bilakatuko da herri xehearen Eliza? Noiz izango da irekia, dinamikoa eta eraldatzailea? Noiz hasiko da bizipoza, askatasuna eta alaitasuna helarazten?

3) Kapitalaren Europa. Iluntasunaren Europa. Bi mendu luzeren ondoren ere. Injustizia eta desberdintasun sozialen Europa. Klase altuarena. Goi bilerena. Estatu zurrun eta nazio ukatuen Europa. Ilusio, balore eta sentimendu gabea. Oraindik definitzeke, eraikitzeke dena. Europa berria etengabe galarazten duen Europa zaharra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo