GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Abasolo Lopez Nafarroako LAB-Irakaskuntza

Landa eremuko eskolak eta Hezkuntza Hobekuntzarako Ituna

Landa Eremuko Eskolak Nafarroa Garaiko herriak bizirauteko ezinbestekoak dira. Beraz, itun antzuez harago, bertan lanean ari direnentzako errekonozimendua exijitzen dugu

Duela aste batzuk landa eremuko eskoletako ordezkariek hezkuntzako hainbat eragile bildu gintuzten beren errealitatearen eta eskaeren berri emateko asmoz. Egun 3.000 ikasle dituzten 78 landa eremuko eskola dira Nafarroa Garaian, horiek guztiak administrazio publikopean, herrikoak, tamaina txikikoak eta Hezkuntza Sailak zehaztutako 11 eremutan banatuta. Hainbat kasutan banaketa desegoki hori zuzentzeko egindako eskaerei muzin egin zaie behin eta berriro, beste aldarrikapenei bezala. Hezkuntza Sailetik egindako gauza bakarra honako hau izan da: zonifikazioa ezarri ondoren eremuko koordinatzaileak izendatzea eta Landa Eremuko Eskoletako Bulegoa osatzea. Lehenengoari dagokionez, duela bi ikasturte sei koordinatzaile izendatu bazituzten ere, aurten hiru besterik ez dira izan, hasierako zifra handituz joateko hitza eman arren. Bestalde, bulegoa guztiz finkatu gabe dago egun.

Hamaika dira, hala ere, Landa Eremuko Eskolek dituzten arazoak, afera ekonomikoei, langileen kudeaketari zein egoitzei lotutakoak. Nola ulertu frankismo garaian eraikitako eskola hauek gaur egungo egoerara egokituak ez izatea? Egoitza gutxik beteko dituzte legeak zehaztutako baldintzak. Aipatutako bileran, behar horiei guztiei aurre egin ahal izateko neurriak aldarrikatu zituzten eta sindikatuoi aldarrikapen horiek Hezkuntza Sailaren aurrean mahai-gaineratzeko eskatu. LABek, ordea, gehixeago egin beharra dagoela uste du. Zergatik? 2006/2007 ikasturtean STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek eta Hezkuntza Sailak sinatutako Hezkuntza Hobekuntzarako Itunaren enegarren porrotaren aurrean gaudelako. Defentsiba hutsean aritzen den sindikalismo baten enegarren porrota bera.

Lan Erreforma garaia dugun honetan, berriro salatu behar dugu Itun Sozialaren aldeko estrategia honen atzean dagoen sindikalismo eredua. Duela lau urte, batasun sindikalean itun berri bat Administrazioarekin negoziatzen hilabete luze batzuk eman ondoren, udal eta foru hauteskundeen atarian, batasun hori bertan behera geratu zen sindikatu horiek UPNko kontseilaria zen Campoy jaunarekin beste itun bat sinatzean. Horrekin, hezkuntza esparruan, 2011 urtera arteko barealdia oparitu zioten UPNko Gobernuari edo zitekeenari.

Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri zuen proposamena onartezina iruditu zitzaigun bi arrazoi nagusigatik: batetik, UPNren ideologia espainiarzalean sakontzen zuelako, nafar hizkuntza den euskaran oinarritzen den eredu bakarraren (D eredua) aldeko inolako bultzakadarik ez planteatzeaz harantzago, euskararen kaltetan erabili nahi dituzten ingelesezko sasi ereduen aldeko apustua sustatzeko asmo nabarmena zuelako hain zuzen ere. Eta bestetik, lan baldintzen eta lanpostuen inguruan planteatzen ziren hainbat neurri (ratio eta klase-orduak gutxitzeak, 55 urtetik gorakoen ordu murrizketak, ordezkoen uda kobratzeak, landa eremuko eskolen idazkaritza arloko laguntzak...) oso erakargarriak izan arren, ezinbestekoa luketen diru partida edo aurrekontu zehatzik gabe zeuden idatziak paperezko proposamen batean.

LABek behin eta berriro salatu zuen neurri horiek aurrera ateratzeko dirua nondik sortuko zen aldez aurretik argitzen ez bazuten ituna inoiz ez zela idatzita zegoen bezala eta planteatzen zen epeetan beteko. Denborak arrazoia eman digu. Itunak herrian bertan hezteko aukera eta herriak bizirik irauteko bermea diren Landa Eremuko Eskolei ere muzin egin die. Baliabide gutxi izaten jarraitzen dute ardura eta funtzio guztiak betetzeko. LABek Landa Eremuko Eskolen eskariak bere egiten ditu, jakinik Landa Eremuko Eskolak Nafarroa Garaiko herriak bizirauteko ezinbestekoak direla. Beraz, itun antzuetatik harantzago, bertan lanean ari direnentzako errekonozimendua eta bertako ahalegin gehigarria konpentsatzeko baliabide eta laguntza bereziak exijitzen dizkiogu Hezkuntza Sailari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo