GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Saltoka

 

Eako barran olatuek harro kolpatzen zuten, berunezko zeruaren azpian. Igandezale gutxi ageri zen itsasoaren oldarraldiei beha. Euriari aurre egiteko prest zeuden ikusleak, horiek bakarrik mirets zezaketen itsasoaren astinaldi eroa, porlanezko muga jarritakoen aurkako gudu xalo hura. Aste Santuko bakantzen aitzakian agertuak ginen han, herritarren artean arrotz. Barraren amaiera aldean, itsasoak indartsuen jotzen zuen mugan, gizon bat ikusi genuen. Olatuen zain zegoen, eta haiek iristean trostan egiten zuen ihes, algara batean, lagunaren argazki kamerari begira. “Ez da ongi atera, zoaz berriz”, ziotsan kameralariak, eta gizona hantxe abiatzen zen, barra gainera, olatuaren kotoizko mihiari ihes egiteko jokoari lotzeko. Ikuskizun bitxia zen, zorionaren irudia bera.

Hiritartasun hutsalaren kateetatik libro ageri zen gizona ikuskizun urruneko hartan. Biluztu eta barra gainera desafiatzaile igotzeko tentaldiari eutsi nion, zorionez, halakoetarako trebetasuna kostaldekoek bakarrik izaten baitute, ez turistok. Egin izan banu, zaudete ziur, bertako gizonak, Erramun Landak, gartsu hartuko ninduen, kanpotarrak bertakotzeko euskaldunok dugun zera horrekin, baina ez nuen egin. Orain, ozta astebete geroago, ordenagailu aurrean asaldatuta nago neu, izuak jota, eta komisarian bera, bizitzaren joko zelaitik apartatuta. Eta halaxe zaude zu ere, Iker, ezin Udane eta Adur burutik kendu, itsasoaren amorruari saltoka ihes egiteko bitartekoak esku-ahur hustuetan bilatzen. Bila ezazu ongi, adiskide, hantxe gauzkazu, olatuei salto egiteko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo