Sakanaren etorkizuna bermatzeko tresna, bertatik bultzatu beharrekoa
Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak, egoerari egokitutako aurrekontuak, lan erreformak... garai larriari aurre egiteko tresnak omen dira. Denen artean aurre egiteko, alegia, administrazioek esaten dutenez. Hala ere, horiek guztiak norabide bera dute: krisiaren sorreran eraginik bat ere izan gabe haren ondorioak bortitzenik jasaten dituztenen gizarte eta lan eskubideak murriztea. Hori da administrazioek eskaintzen duten irtenbide bakarra. Testuinguru orokor horretan, eta Sakanako egoeraren testuinguru berezian, jakingarria da Sakanako hautetsi independentistek atzo aurkeztu zuten proposamena krisiak bereziki kolpatu duen eskualde baterako. Nafar Gobernuak eskualde horri dagokionez erakutsi duen jarrera baztertzailea ikusita, eta Gobernu hori baino ardura handiagoa erakutsita, Sakanaren etorkizuna ziurtatzeko modua bertatik bultzatzeko tresna propio baten ideia berreskuratu eta Sakanako gizarteari proposatu diote: partzuergoa; besteak beste, instituzioak, gizarte eragileak, eragile ekonomikoak bilduko lituzkeen zentzuzko eta beharrezko tresna helburu argi bat lortzeko, Sakanan lan egin eta bizitzeko eskubidea bermatzea, hain zuzen.