Poliziarekin kolaboratzeko mehatxu egin diotela salatu du Gasteizko gazte batek
Zuriñe ETXEBERRIA
Jon Ander Resa gazteak poliziarekin kolaboratzeko presioak eta mehatxuak jasan dituela salatu zuen atzo egindako agerraldian, amnistiaren aldeko mugimenduko kideek, Txagorritxuko hainbat auzokidek eta tankera honetako mehatxuak jaso dituzten beste zenbait pertsonak lagunduta.
Hogei urteko gasteiztarrak adierazi zuenez, martxoaren 10ean, 07.45 aldera, ikastetxera joateko tranbia hartzera zihoala, bi gizon gerturatu zitzaizkion. «Bati bakarrik ikusten zitzaion aurpegia eta honek David zuela izena esan zidan», azaldu zuen Resak.
Jarraian, David izeneko gizonak gazteari bere izenez deitu eta plaka bat erakutsi zion, baina gazteak ez zuen plaka ikusteko denborarik izan. Poliziak «Auzitegi Nazionalekoa edo Barne Ministeriokoa...zela esan», besotik heldu eta berarekin hitz egin nahi zuela adierazi zion.
Ertzaintzak bere kontra hainbat «kausa» dituela gogorarazi zioten, bai eta martxoaren 9an atxilotutako eta inkomunikatu ostean askatutako Adrian Donnayk «bere kontra deklaratu» zuela ere. Beraz, «hitz egiteko eta kolaboratzeko» handik ordu batzura beraiekin elkar zedin eskatu zioten, baina gazteak ezetz erantzun zien.
Hitzorduari muzin egiteaz gain, zuzenean Gasteizko epaitegira salaketa jartzera joan zela jakinarazi zuen Resak. Halaber, horrelako gertaeraren bat jasaten dutenei epaitegian zein jendaurrean salatzera dei egin zien «xantaia egiteko eta mehatxatzeko duten inpunitateari» aurre egiteko.
AMMk argi adierazi du errepresioaren aurka fronte guztietan borrokatu behar dela, eta zentzu horretan, «ezinbestekotzat» jo zuten horrelako gertaera eta presioak salatzea. Bestetik, Diego Ugarte preso gasteiztarrak astelehen honetan aste bateko tartean konortea galtzera iristerainoko bigarren jipoi bat jasan duela salatu zuten. Bukatzeko, Jon Anzari gertatutakoa argi dadin eskatzeko Donibane Lohizunen egingo den manifestaldira joateko deia ere egin zuten.