GARA > Idatzia > Ekonomia

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban gazteen %1,7k baino ez dute landa ingurunean lan egiten

Baserritar gazteen egoera «penagarria» dela baieztatu zuten atzo EGK-k eta EHNEk, baita nekazaritza lurren prezioa 20 urtean boskoiztu egin dela eta EBren politikek ustiategi txikien desagertzea bultzatzen dutela salatu ere. Nekazarien %75 40 urtetik gorakoak dira.

GARA

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako baserritar gazteen egoera «penagarria» da. Horixe da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) «Gazte baserritarrak: EAEko nekazari eta abeltzain gazteen egoera soziekonomikoa» izenburupean kaleratu berri duen azterketaren ondorioetako bat. Hala, soldatapeko gazteen %1,7k baino ez dute landa ingurunean lan egiten.

Halaxe azaldu zuten atzo Bilbon EGK-ko eta EHNE sindikatuko kideek eskainitako eta Efe agentziak jasotako prentsaurrekoan. Egoera honek gainera, sektorearen jarraipena arriskuan jartzen duela baieztatu zuten.

Azaldu zutenez, lurrak eskuratzea da gazteek duten traba nagusia, azken urteetan prezioak izugarri hazi baitira. Hala, 20 urtetan nekazaritza lurren prezioa boskoiztu egin da. Lehen 3.300 euroko prezioa zuen hektarea batek, orain berriz, 15.000 eurokoa.

Banaketa kate handiak ere kritikatu zituzten, irabaziak beraientzat gorde eta azken prezioak ezartzen dituztelako. Europar Batasunak (EB) martxan dituen politikek nekazaritza ustiategi txikien desagertzea bultzatzen dutela ere azaldu zuten.

Besteak beste, faktore horien ondorioz nekazarien soldatak «amildu» egin direla salatu zuten, azken urteetan %20 murriztu baitira. Hala, eta EGKren azterketaren arabera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako nekazari eta abeltzainen %75 40 urtetik gorakoa da. Emakume eta nekazari gazteak direnen egoera are eta okerragoa dela azaldu zuten, eta %7 baino ez dela ustiatzen duen lurraren jabe.

Zentzu horretan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak «elikadura burujabetza» defendatzen duela azaldu zuen, «herriek era iraunkor eta ekologikoan beren burua hornitzeko behar dituzten elikagaiak sortzeko eskubidea», alegia.

«BURUJABetza»

EGK-k «elikadura burujabetza» defendatzen duela azaldu zuen, «herriek beren burua hornitzeko behar dituzten elikagaiak era iraunkor eta ekologikoan sortzeko eskubidea» dutela alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo