GARA > Idatzia > Ekonomia

Kaleratzeen aurka protesta egin dute Beasaingo CAFeko ehunka langilek

GARA |

CAF enpresak Beasainen duen fabrikako langileak kalera atera ziren atzo zuzendaritzak behin-behineko kontratua duten 40-60 langile ingururi kontratua ez berritzeko hartu duen erabakiaren aurka. Hala, ehunka langilek manifestazioa egin zuten, bai eta bi orduko geldialdia ere.

Egun CAFek inoizko lan zama handiena duela nabarmendu zuen enpresa batzordeak eta 2009ko irabaziak ere orain arteko handienak izan zirela, 133,6 milioi euro. Era berean, Castejon eta Linaresen lantegi berriak ireki dituzte eta, batzordearen arabera, bertara bideratu dituzte Beasaingo jarduera ugari. Brasilen ere 1.000 langile izango dituen lantoki berria inauguratu dute.

Bitartean, langile finko eta behin-behinekoen artean 2.550 pertsonako langile taldea duen Beasaingo fabrikan zuzendaritzak 40-60 langilerentzat lanik ez duela defendatzea gogor kritikatu zuen.

Gatazka konpontzeko enpresa batzordeak hainbat proposamen egin dizkio zuzendaritzari, hala nola aurre-erretiroak egitea, azpikontrataturiko lanak berreskuratzea nahiz langileak beste zentro batzuetara bideratzea. Enpresaren erantzuna, ordea, «ezeko borobila» izan dela salatu zuen batzordeak eta kaleratzeen prozesua gelditzeko asmorik ez dutela esan dietela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo