Ezker abertzaleak Pasaiako kanpo kaia baztertzeko eskatu dio Aldundiari
GARA |
Gipuzkoako ezker abertzalea Oceana elkartea eta Biologoen Elkargo Ofizialak Biarritz eta Donostia arteko 35 kilometroko itsas korridore ekologiko bat sortzeko egindako eskariaren alde agertu zen atzo. Independentisten ustez, beraiek «askotan» errepikaturikoa esan zuten asteartean Oceanak eta biologoen elkargoak, hots, «EAEko agintariek, Aldundiak, Lakuak eta Pasaiako Portu Agintaritzak ez dutela Europako direktiba betetzen, ezta betearazteko urratsik ematen ere».
Hortaz, kanpo kaiaren aurkako jarrera berretsi zuen ezker abertzaleak, ingurumena hondatuko lukeelako, beharrezko ikusten ez dutelako, bai eta alderdi ekonomikoari dagokionez, «ez baitago inolako justifikaziorik horrelako azpiegitura erraldoiak behar duen inbertsio publikorako».
Hala, Gipuzkoako Aldundiari zein Portu Agintaritzako arduradunei Pasaiako proiektua albo batera utz dezaten eskatu zien.